Elkartasuna Eraikiz! Elkartasun Eguna antolatzen ari da ITAYA Gazte Asanblada, martxoaren 31rako. Bilgunetik iragarri dutenez, besteak beste, bertso-bazkaria ospatuko da frontoian, Unai Gaztelumendi eta Imanol Lizarazu "Habana" bertsolariekin. Adi, txartelen salmentari. "Hurrengo astetik aurrera izango dira salgai bazkarirako tiketak, martxoaren 28 arte. Langileek 15 eurotan eta ikasle eta langabetuek 12 eurotan eskuratu ahal izango dituzte, Irrati eta Txiriboga tabernetan", berri eman dute ITAYA-tik. Elkartasun Egun honen baitan ospatuko da bestalde, martxoko azken larunbata izanik, Euskal Kantu Taldekoek antolaturiko kantu-jira saioa ere.
Gazte asanbladatik, Elkartasun Egunera gerturatzeko gonbita luzatzen diete herritarrei, "lotu gurekin elkartasun sareari! Animatu parte hartzera egun guztiko ekitaldietan! Elkartasuna eraikiz! Preso eta Iheslariak Etxera!". Antolakuntzatik berri eman dutenez, "programaketa osoa egun gutxi barru publikatuko dugu".