Kalitate Ziurtagiria eskuratu dute, Hurbilago Elkarteko sei saltokiek

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 15a, 00:00

Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatibak, Lizardi liburu dendak, Lurdak, Otar-Goxok, Paumak eta Usurbil Optikak UNE 175001 Kalidenda ziurtagiria eskuratu dute. Bezeroei eskainitako zerbitzua kalitatezkoa dela bermatzen duten ziurtagiria hain zuzen. Modu honetan borobildu da, Hurbilago Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkarteak sustatu eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin saltokiok elkarlanean egin duten ibilbidea. 


Hurbilagotik adierazi dutenez, “kalitate ziurtagiri hau, merkataritzako saltoki txikiei dago zuzendua eta dendek bezeroari eskainitako zerbitzuaren kalitatean zein betebehar dituzten ezartzen du”. Iaztik burututako lanaren emaitza da, aipatu sei saltokiek jaso duten ziurtagiria. Urtebeteko tartean, jasotako emaitza lortu arte hainbat urrats eman dituzte. Lehenbizi zein baldintza bete behar zituzten informatu eta Kalidenda araua “denda bakoitzean nola inplementatu ezagutzeko bilerak egin ziren”. 

Inplementazio fasea etorri zen gero, Hurbilagotik zehaztu dutenez, “saltoki bakoitza zein egoeratan zegoen ikusi, diagnosi bat eginez, eta aldatu, hobetu edo berritu beharreko alderdi, elementu eta zerbitzuak identifikatu ziren”. Hobekuntza prozesu bati ekin zioten jarraian, zerbitzuaren kalitatea ahalik eta gehien hobetzeko. “Hobekuntzarako neurriak hartu eta denbora batera, horretarako baimendua dagoen kanpoko auditoria-erakunde bat denda hauetara bertaratu da eta UNE 175001 Arauak ezarritako betebehar eta baldintzak ziurtatzen direla egiaztatu da”, azaldu dute Hurbilagotik. 

Hurrengo erronka, ziurtagiria denda gehiagok eskuratzea
Egiaztatze prozesua gainditu ostean jaso dute Usurbilgo sei saltokiok, aipatutako kalitate ziurtagiria. Baikorki baloratu dute Hurbilagotik denda hauek ziurtagiria lortu izana. Are gehiago, baliabide mugatuak izanik, hobetu, berritu eta kalitatearen alde egin duten apustua nabarmendu dute. Garrantzitsutzat jo dute, herri merkataritza indartzeko sei denda hauek hartu duten konpromisoa. “Urrats txiki bat da baina nahiz eta txikia izan saltoki hauek erakusten duten jarrera oso garrantzitsua da, adierazten baitu komertzio hauek ez daudela geldirik, ez daudela kanpotik norbait etorri eta egoera noiz hobetuko zain, baizik eta beraien esku dagoena eginez Usurbilgo herri merkataritzaren etorkizunean sinesten dutela”, baloratu du Hurbilagok. Aurrera begira, ziurtagiri hau herriko saltoki gehiagok jasotzeko, lanean jarraitzeko asmoa du Usurbilgo ostalari eta merkatarien bilguneak.