Martxoaren 20an hasiko den Soinurbil Musika Astearen baitan, ekitaldietako batean Zumarte Musika Eskolako ikasleek parte hartuko dute. Hilaren 22an Sutegiko auditorioan eskainiko duten emanaldian hain zuzen. Baina ez dira bakarrik egongo kultur etxeko oholtza gainean. Zumartekoek urtero elkartruke bat egiten dute Euskal Herriko beste musika eskola batekin. Aurtengoan, Tolosaldeko musikariak izango ditugu bisitan. Zumartekoekin batera beraz, Loatzo Musika Eskolako kideek saioa eskainiko dute, aipatu moduan, martxoaren 22an, 18:30etatik aurrera. Sarrera doan.
Loatzo Musika Eskolakoak, ez dira Soinurbilen parte hartuko duten Usurbildik kanpoko talde bakarra izango. Gipuzkoako hiriburuko abesbatza baten emanaldia programatu baitute, kasu honetan, Salbatore Elizan. Donosti-Ereski abesbatzaren kontzertua, martxoaren 24an ikusi eta entzuteko aukera egongo da. Sarrera ordaindu beharrik izan gabe, doakoa izango baita.
Iazko hauteskundeetan gertaturikoak hedabideetan zeresana eman duen Nafarroako udalerri txiki bateko, Garinoaingo Musika Bandak borobilduko (ondoko irudian) du aurtengo Soinurbil Musika Astea. Aurreko edizioen ildotik, goizeko 11:30etatik aurrera kalejirarekin Kaxko ingurua girotuko dute, eta ondoren, emanaldia eskainiko dute frontoian.