Musika Asterako kontzertuetarako sarrerak, salgai

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 15a, 00:00

Martxoaren 20tik 25era ospatuko den Soinurbil ekimenaren zortzigarren edizio honetan, badira Sutegin eskainiko diren bi ikuskizun. Batetik, "De Mode Quartet” laukoteak (ondoko irudikoak), umorez betetako musika eta antzerki emanaldia eskainiko dute kultur etxeko auditorioan. Hilaren 23an izango den saioak, “A capella” abestutako bertsioak, koreografia atseginak eta elkarrizketa bitxiak tartekatuko ditu. 

Soinurbil Musika Asteari beste ikuskizun batek emango dio hasiera. “Musika Tresnen Fabrika” izenekoak hain zuzen. 10 urte arteko haurrei zuzenduriko emanaldia da, musika tresnen erabilera irakasten duen Kortxea Doktorea, bere lagun Filomena eta bien laguntzaile Koxme izeneko pertsonaiekin. Honelakoak dira, oholtza gainean agertuko diren hiru pertsonaiak:
-Kortxea Doktorea: Fabrikako lutierra da, pixka bat txoratuta dago, eta gauzak asko nahasten ditu. Musika tresnak nola erabiltzen diren erakusteaz arduratzen da. Gainera dantzatu eta kantatu egiten du.
-Filomena: Kortxea jaunari zentzua jartzen saiatzen da. Instrumentuak jotzen ditu Kortxea jaunarekin batera. Kantatu eta dantzatu ere egiten du.
-Koxme: Kortxe doktorea eta Filomenaren laguntzaile eta mekanikoa da.

Sarrerak salgai
Bi ikuskizun hauetarako sarrerak, aldez aurretik Oiardo Kiroldegian eskuratu ahal izango dira; De Mode Quartet taldearen emanaldiko txartelak 6 eurotan (egunean bertan 8 eurotan) eta "Musika Tresnen Fabrika" ikusteko txartelak, 2 euroren truke erosi ahal izango dira leku berean (egunean bertan, 4 eurotan).