Aurrekontu Proiektua bozketara, gaurko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 16a, 00:00

Ezohiko osoko bilkura deitu du Usurbilgo Udalak, gaur arratsaldeko 18:30etarako. Besteak beste, 2012rako udal aurrekontuak behin betiko onartu edo ez erabaki beharko dute udal ordezkariek. Eguneko gai zerrendan, bada enplegua sustatzeko eskualde mailako lankidetza burutzeko beste proposamen bat ere. Arratsaldeko 18:30etan ekingo zaio bilkurari udalbatza aretoan, eta udal ordezkariek honako gai zerrenda jorratuko dute:


1-2012/02/28ko aktaren onespena.
2-2012ko Aurrekontu Proiektuari aurkeztutako erreklamazioa erantzun eta behin betikoz onartzea.
3-Usurbilgo Udalak eskualdeko beste udalerri guztiekin batera izenpetu beharreko sustapen ekonomiko eta enplegurako eskualde mailako lankidetza orokorra onartzea.

Hiru milioi euro gutxiago
Hasi berri dugun 2012. urte honetarako, 10.982.728 euroko udal aurrekontuak aurkeztu ditu Bilduk. Iazko proposamenarekin alderatuta, Udalak hiru milioi eurotan murriztu ditu aurtengo egitasmoetara bideratu beharreko diru partidak. Otsaila hasieran gobernu taldeak burutu zuen aurkezpen ekitaldian nabarmendu zutenez, oraindik luze joko duen krisialdi ekonomikoaren testuinguruan kokatu beharreko aurrekontuak dira hauek.  

Diru-laguntzak, mantenduko dira 
Mertxe Aizpurua alkateak berri eman zuenez, “diru sarreretan murrizketak daude”, nagusiki hiru faktoreon eraginez; aprobetxamendu urbanistikoetan izan den beherakadagatik, fondo foraletik izango diren murrizketengatik, eta espero ez arren, gertatu ziren joan den azaroko uholdeek eragindako kalteak konpondu beharrak baitaude. 

Diru sarrera gutxiago izanik, alkateak zioen moduan, “aurreztu beharra dugu”. Edozein kasutan, gobernu taldetik adierazi zutenez, ez dute murrizketarik aplikatuko diru-laguntzetan. Gizarte zerbitzuetako, kirol eta kultur arloko laguntzak bere horretan mantentzeko apustua egin du Bilduk, “oraingoz murrizketarik ez” dela izango zioen Aizpuruak. Diru-laguntzak ez jaisteko hartutako erabakiaren arrazoia, herri eragileek duten garrantzian kokatu zuen Alaitz Aizpurua zinegotziak. Bere esanetan, “herri baten bizimoduan asko markatzen dute eragileek. Ahal dela, diru-laguntzak mantendu beharra ikusi da”. 

Ez ordea gastu eta inbertsioak. Bilduk bi alor hauetan aplikatuko ditu murrizketa nagusiak. Batetik, pertsonal gastuetan. Langileen lan baldintza eta soldatak mantendu asmo ditu gobernu taldeak, KPI-aren igoera aplikatuko da kasuotan. Eta oro har, gainerako gastuetan aplikatuko dira murrizketa nagusiak. Alor honetan, “gainean egotera behartuta gaude”, adierazi zuen Aizpuruak. Inbertsioei dagokienez, alkatearen esanetan, “behar beharrezkoak” direnak bakarrik bideratuko dituzte. Uholdeek eragindako herri-bideak konpondu, eta Udarregi ikastolako eraikin berriko proiektua lagundu asmo du Udalak. 

Ekarpenak jasotzeko asmoa
2013rako aurrekontuak parte hartzaileagoak izango direla iragarri dute Bildutik. Aurtengoan halakorik ezin izan dutela burutu adierazita, hurrengo urterako ekarpenak jasotzen joateko asmoa du gobernu taldeak.