Atez Ateko Bilketak hiru urte bete dituen ostiral honetan, agerraldia eskaini dute Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpuruak eta San Marko Mankomunitateko lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak. Hedabide ugariren arreta erakarri duen deialdian, atez ateko bilketak hiru urteotan izan duen ibilbidearen inguruko balorazioa eskaini dute ordezkatzen dituzten bi erakundeen izenean.
2009ko martxoaren 16an atez atekoa abiatu zenetik, alkatearen esanetan, “Usurbilek asmatu egin duela esan dezakegu. Eta ondo ez, oso ondo ari dira usurbildarrak. Harro nago neure herriaz eta neure herritarrez eta eredugarri bihurtu gara. Gainerako herriak bide horretan sakontzera animatu nahi ditut”. Egunerokoan hondakinen bilketa normaltasun osoz burutzen dela esan eta atez ateko bilketaren eraginkortasuna defendatu du Aizpuruak.
Egun, hondakinen ia %89 birziklatzen da Usurbilen. Baikor agertu da alkatea, eta urteurren hau usurbildarrei zuzentzeko baliatu du. Azken hiru urteotan, usurbildarrek hondakinen kudeaketari loturiko egoera irauli dutela zioen. Guztiagatik, herritarrei zuzenduta adierazi duenez, “usurbildarrak zoriondu nahi ditut, normaltasun osoz kudeatzen ari direlako egoera hau. Erakusten ari direlako kontzientzia zibiko itzela dutela eta ondo egindako gauzak errekonozitu behar direlako”.
Hedabideetan argitara eman diren hainbat datu gezurtatzearekin batera, Usurbilgo errealitatearen berri eman du alkateak. “6.100 biztanleko herri polit ederra. Herri polita izateaz gain, herri garbi bat dela esatera nator. Herri garbia, arduratsua, aitzindaria eta aurrerakoia da Usurbil. Azken aldi honetan hedabideetan hainbat eta hainbat aldiz alderdi politiko batzuen eraginez, beste irudi bat ematen ari dira gure herriaz. Onartezina da, batez ere erabat faltsua denean irudi hau”, adierazi du Aizpuruak.
Edozein kasutan, denborarekin jarrera aldaketa bat espero du, egun atez atekoaren aurka daudenen aldetik. “Konbikzioa dut, hemendik gutxira orain kritikatzen ari direnak eta erabat kontra jarri direnak, erabat aldatuko dutela euren iritzia sistema honi buruz. Eta barneratuko dutela normaltasun osoz, gaur egun usurbildarrek barneratu duten bezala”, adierazi du.
Konpostatze egitasmoarekin gustura
Duela hiru urte atez atekoa abiatu zenetik, hondakinak birziklatzeko beste hainbat aurrerapauso eman dira Usurbilen. Tartean, gaur goizeko prentsaurrekoan alkateak gogorarazten zuenez, “Urbil merkataritza guneko eta poligonoetako hondakinak ere gaika biltzen” hasi baitziren 2010ean. Horrek gaikako bilketa ia %89ra igotzea ekarri zuen. “Zifra horietan mantentzen gara gaur egun eta 2011ri dagokionez, %88,8 batera iritsiko garela aurreikusten dugu”, iragarri du alkateak.
Horrekin batera, organikoa konpostatzeko egitasmoek izandako harrera nabarmendu du Aizpuruak. “Oso ondo doa”, hitz horiekin laburbildu eta baloratu du Usurbilen abian diren bi konpostatze egitasmoak; norbanakoa zein komunitarioa.
Lezo, Pasaia eta Astigarraga ere, atez atekoaren bidean
Berriki, Gipuzkoako 34 udalerriek 2013an atez ateko bilketa martxan jartzeko asmoa erakutsi dute. Horien artean, San Marko Mankomunitateko hiru udalerrik; Lezok, Pasaiak eta Astigarragak. San Markoko lehendakari eta Lezoko Udaleko zinegotzi Ainhoa Intxaurrandietak ere lezoarrak hizpide izan ditu. Hondakinen kudeaketaren inguruan zioenez, “lezoarrok ere ongi egin nahi dugu eta aukera izan behar dute gauzak ongi egiteko”. Mankomunitateko lehendakari gisa, “zoriondu nahi ditut, bai Lezo, Pasaia eta Astigarraga atez atekoan sartzeko borondatea”. Ohitura gutxi batzuk aldatuta, zer emaitza lortzen diren nabarmendu du. Eta gaineratu duenez, aldaketa hori “guztion onurarako izango da bai ingurumen aldetik, osasun aldetik, eta ekonomikoki dudarik gabe”.
Datuak
Atez ateko bilketa, sistema garestia ez dela ere gogorarazi du alkateak. Horren lekuko berak eta San Marko Mankomunitateko lehendakariak hedabideei helarazi dizkieten datuak daude. Datu ofizialak direla gogorarazi dute, eta zalantzan jartzen dituztenek, Usurbilera etortzeko gonbita luzatu die alkateak. “paseatu dezala hango kaleetan, etxe tarteetan, ikus dezala nola funtzionatzen duen herriak eta konturatuko da ez dela egia esaten ari direna".
Usurbilen atez atekoak eragin duen aldaketa datuen bidez azaldu dute. Eta antzeko biztanleria kopurua duen Lezoko hondakinen kudeaketaren emaitzekin edota Donostiako bosgarren edukiontzien esperientziekin alderatu dituzte. Hona hemen, zifra guztiak:
USURBILGO DATUAK, 2008-2012
2008
-Gaikako bilketa: %30a baino gutxiago, %70 baino gehiago erreusa.
-Gaika bildutako organiko kopurua: 0 kg.
-Zabortegira: ia 2.000.000 kg.
2011
-Gaikako bilketa: ia %89, %11 erreusa.
-Gaika bildutako organiko kopurua: 800.000 kilotik gora.
-Zabortegira: 692.000 kg.
2012
-Organikoa autokonpostatzen: 472 familia.
-Konpostatze komunitarioan: 43 familia eta beste 102 izena emanda.
SAN MARKO MANKOMUNITATEAN: USURBIL-LEZO KONPARATIBA
Usurbil:
-Biztanleria: 6.100.
-Bilketa sistema: atez atekoa.
-Birziklatze maila, 2008an: %28-%29.
-Birziklatze maila, 2011n: ia %89.
-Zabortegira eramandako kopurua: 114 kg pertsonako eta urteko (etxeetako eta poligonoetakoa barne).
-Zabortegira hondakinak eramateagatik ordaindu beharrekoa (2011): 90.895 euro (poligonoetako hondakinak barne).
-Lapatxeko plantara eramandako organikoaren kostua (2011): 58.243 euro.
Lezo:
-Biztanleria: 6.000 pasatxo.
-Bilketa sistema: ontziena.
-Birziklatze maila, 2008an: %28-%29.
-Birziklatze maila, 2011n: zertxobait gutxiago.
-Zabortegira eramandako kopurua: 269 kg pertsonako eta urteko (etxeetakoa bakarrik, poligonoetakoa ez barne).
-Zabortegira hondakinak eramateagatik ordaindu beharrekoa (2011): 217.473 euro (etxeko hondakinengatik soilik, poligonoetako bilketa San Markoren esku).
5. EDUKIONTZIA GROS ETA AMARAN (2011):
-Bildutako organikoa: 513.494 kilo.
-Herritarren parte hartzea sistema honetan: Grosen %14,4, Amaran %26.
-Usurbilen, 6.000 biztanlerekin: 826.890 kilo organiko bilduta (poligonoak barne).
-Usurbilen, atez atekoarekin herritarren parte hartzea: %100.