Atez Ateko Bilketak hiru urte gaur, ospakizun ekitaldia igandean

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 16a, 00:00

Gaur, martxoak 16, Atez Ateko Bilketa Usurbilen martxan jarri zela hiru urte bete dira. Urtemuga ostiral honetan izan arren, igandean burutuko da urteurreneko ekitaldia. Gipuzkoa Zero Zabor bilguneak antolatu eta zero zabor taldeek lagunduriko hitzordua, eguerdiko 12:00etan hasiko da Dema plazan. Hondakinak atez ate biltzen dituzten herritarrak, aipatu bilketa sistemari babesa adierazteko organikoa jasotzeko kubo marroiarekin agertzera animatzen dituzte antolatzaileek. "Hondakinak arazo izatetik aukera bat izatera pasatzeko, hau da, zabor izatetik baliabide izatera pasatzeko Gipuzkoan egiten ari garen ahaleginari oztopo bat bestearen atzetik jartzen ari zaizkio errausketa bezalako teknika kutsakorrak bultzatu nahi dituztenek. Garrantzitsua da herritarrok irtenbidea babesten dugula azaltzea", adierazi dute GZZ-tik. 

Ekitaldian bertan izango dira, 2013an atez atekoa martxan jarriko duten Gipuzkoako beste 34 udalerrietako herritarrak ere. Horri loturiko leloa hautatu du GZZ-k, etziko ekitaldirako: "Ongi etorri Atez Atekoarekin Zero Zabor bidera". 

Zero Zabor bidean sakontzea
Modu horretan, udalerriok ematera doazen pausoa nabarmendu nahi du GZZ-k. "Orain jauzi kuantitatibo garrantzitsua ematea erabaki dute 34 udalek. Guztien artean, Gipuzkoak dituen 700.000 biztanleetatik 273.400ri hondakinak Atez Ate bilduko zaizkie. Horrek dudarik gabe, Gipuzkoan biltzen diren hondakin kopuruetan eragin nabarmena izango du. Hondakin mordoa baliabide bihurtuko dugu eta zabor kopurua izugarri gutxitzea ekarriko du. Errausketa bezalako tratamendu finalistetan oinarritutako kudeaketa kinka larrian jarriko du, eta ondorioz, zero zabor norabidean sakontzeko egoera ezin hobea sortuko da", adierazi dute GZZ-tik.

Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolako herritarrak, atez atekoa martxan jartzera doazen 34 udalerrietako herritarrak, bilketa sistema honen aldekoak, Gipuzkoako Zero Zabor taldeak, guztiak gonbidatzen ditu GZZ-k, etziko hitzordura. 12:00etan hasiko da Dema plazan.


2013tik aurrera, ia 300.000 biztanleek atez ate bilduko dituzte hondakinak Gipuzkoan, guztira 38 udalerrik; Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolarekin batera, beste 34 udalerrik. Atez ateko bilketa martxan jarri edo ez erabakitzeko, gai honen inguruko proposamena aipatu 34 udaletxe hauetako osoko bilkuretara eramango du Bilduk. Udalbatzek onartuko balute, 2013ko urte hasierarako atez ateko esperientzi berriok martxan izango dira. Zenbait osoko bilkuretan onartu dute mozioa. Legorretan esaterako.

Hona hemen, 2013an atez ateko bilketa martxan jarri asmo duten 34 udalerrien zerrenda:
-Alegia.
-Anoeta.
-Aretxabaleta.
-Arrasate.
-Asteasu.
-Astigarraga.
-Ataun.
-Azpeitia.
-Berastegi.
-Bergara.
-Deba.
-Eskoriatza.
-Getaria.
-Ibarra.
-Irura.
-Lazkao.
-Legazpi.
-Legorreta.
-Lezo.
-Mendaro.
-Mutriku.
-Oñati.
-Ordizia.
-Orio.
-Ormaiztegi.
-Pasaia.
-Segura.
-Tolosa.
-Villabona.
-Zaldibia.
-Zarautz.
-Zestoa.
-Zizurkil.
-Zumaia.