Herritarrek eguneroko ohitura gutxi batzuk aldatuta, gaikako bilketa emaitza irauli duen atez ateko bilketak hiru urte bete ditu Usurbilen. 2009ko martxoaren 16an jarri zen martxan eta atzo, igandez, urteurren ekitaldia antolatu zuen Gipuzkoa Zero Zabor (GZZ) bilguneak frontoian, azken urteotan herrialdeko udalerrietan osatzen joan diren zero zabor taldeen laguntzaz. Ekitaldira, usurbildarrez gain, hondakinak atez ate biltzen dituzten hernaniar, oiartzuar eta antzuolatarrak gonbidatu eta bertaratu ziren. Ez eurak bakarrik, baita, besteak beste, 2013an atez ateko bilketa abiatu asmo duten Gipuzkoako beste 34 udalerrietako kideak ere.
Ekitaldian zehar, atez atekoa ondo ezagutzen dutenek hartu zuten hitza. Hasteko, bi usurbildarrek; Leire Iturriozek eta Martin Leozek euren testigantzen berri eman zuten. Leirek gogorarazten zuenez, atzean geratu dira duela hiru urteko beldur, kezka eta zalantzak. "Begiak irekitzeko balio izan digu. Norberaren etxean, zeinen zabor gutxi sortzen dugun ikusteko aukera izan dugu. Errefusa ze gutxi eta ze garbia den ikusteko aukera. Hondakinak ateratzeko edukiontziraino bueltaka ibili beharrik ez izatearen erosotasuna deskubritu dugu. Hondakinekin dauzkagun beste hainbat arazoren gainean kontzientzia hartzen lagundu digu. Zenbat ontzi erosi behar dugun alferrik!", adierazi zuen.
Hernani, Oiartzun eta Antzuolan ere atez atekoa martxan jarri zela gogorarazi bazuen ere, "gaikako bilketa eraginkorra lau herriotan bakarrik egiten badugu, ez dugu arazoa konpontzerik lortuko. Arazoa konponduko badugu beharrezkoa da gipuzkoar guztiak gurekin batera Zero Zabor norabidean abiatzea". Zorionak, eskerrak eta animoak helarazi zizkien, atez ateko bilketa martxan jarri asmo duten 34 udalerriei.
"Guretzat nahi ez duguna besteentzat ere ez dugu nahi"
Adierazpen gehiago ere izan ziren atzo eguerdiko ekitaldian. 34 udalerrion izenean, Zizurkilgo herritar batek hartu zuen hitza, Mikel Ugartek. Usurbildarrak zoriondu nahi izan zituen, eta eskerrak eman, "arazoa konpontzeko bidea erakutsi diguzuelako". Hondakinen arazoaren parte direla jakinik, gaineratzen zuenez, guk sortzen dugun zaborra, beste baten etxera, beste baten etxe ondora bildatzen ari gara. Baina guretzat nahi ez duguna besteentzat ere ez dugu nahi!". Zero Zabor bidean jartzeko aukera emandakoei eskerrak helarazi zizkien. Kezkak eta beldurrak izan arren, "nork bere begiekin errealitatea ikustea bezelakorik ez dago!" aldarrikatu eta atez atekoa egiten duten udalerriak bisitatzeko gonbita luzatu zuen.
"Abiapuntu bikaina Zero Zabor programa baterako"
Urteurren garrantzitsutzat jotzen du GZZ-tik, bete berri dena. Euren esanetan, hiru urte bete baitira, atez atekoa abiatuta, "Zero Zabor norabidean urrats praktikoak egiten hasi ginenetik". Usurbil hondakinen %88 birziklatzera heldu dela jakinik, GZZ-ren arabera, "abiapuntu bikaina Zero Zabor programa baterako". Hernanik, Oiartzunek eta Antzuolak ere egiten ari diren bideari jarraiki, Gipuzkoako beste 34 udalerriek atez atekoa martxan jartzeko hartutako erabakia, jauzi kuantitatibo garrantzitsua da GZZ-rentzat.
Azken aldian jasaten ari diren presio mediatikoa salatu zuten GZZ-tik atzoko ekitaldian. "Gezur eta intoxikazio kanpaina gogorra jasten ari dira gipuzkoarrak, gai honen inguruan", salatu zuten. Eskaintzen ari diren hainbat datu gezurtatzeko, atez atekoa martxan den udalerriak bisitatu baino ez dituztela gogorarazten dute.
Kuboak eskutan
Atez ateko bilketa egiten duten herritarrak, ez ziren esku hutsik gerturatu atzoko ekitaldira. Hondakinen zati organikoa jasotzeko kubo marroiak eskutan zituztela baizik. Guztiekin taldeko argazki bat atera zuten hedabideek.
Gipuzkoako mapa berria
Urtebete barru, hondakinen kudeaketari dagokionean Gipuzkoak izango duen eraldaketa koloreztatzeko aukera izan zuten bestalde, aipatu 34 udalerrietako ordezkariek. Ekitaldiko oholtza gainean, Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuola kenduta, gainerako udalerriak grisez agertarazten zituen mapa bat jarri zuten antolatzaileek. Banan bana, 2013an hondakinak atez ate biltzen hasiko diren 34 udalerrietako ordezkariek euren udalerriko lur zatia eskutan, oholtza gainera igo, eta Gipuzkoako hondakinen kudeaketa mapako "puzzle" berria osatu zuten. 2013tik aurrera errealitate bihurtuko den "puzzlea", Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolarekin batera, beste 34 udalerri gehituko baitira atez atekoaren zerrendara. Honakoak:
-Alegia.
-Anoeta.
-Aretxabaleta.
-Arrasate.
-Asteasu.
-Astigarraga.
-Ataun.
-Azpeitia.
-Berastegi.
-Bergara.
-Deba.
-Eskoriatza.
-Getaria.
-Ibarra.
-Irura.
-Lazkao.
-Legazpi.
-Legorreta.
-Lezo.
-Mendaro.
-Mutriku.
-Oñati.
-Ordizia.
-Orio.
-Ormaiztegi.
-Pasaia.
-Segura.
-Tolosa.
-Villabona.
-Zaldibia.
-Zarautz.
-Zestoa.
-Zizurkil.
-Zumaia.