Arrats, Salhaketa, Loiola Etxea, AHT Gelditu!, Errausketaren Aurkako Plataformen Gipuzkoako Koordinadora, Ezker Abertzalea, Aralar, Alternatiba, Ezkerretik Bilduz, Antikapitalistak, Ekologistak Martxan, Pasaiako Superportuaren Aurkako Taldea edota ESK zein CNT sindikatuak, guztiek manifestu bat aurkeztu dute Zubietako makrokartzelaren aurka. Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, "bestelako lehentasunen alde egin dezatela" eskatzen diete, "Gipuzkoan eta EAEn behar diren zigorra betetzeko plazak kontuan hartuta, zigor askatasun gabetzaileei legediak ematen dien ustezko funtzioa, birgizarteratzea hain zuzen ere, bete dadin".
2006ko otsailean Eusko Legebiltzarrak onarturiko ebazpena ere betetzea eskatzen dute; ebazpen hartan, Zubietako makrokartzela eraikitzearen aurka agertu baitzen Gasteizko parlamentua. Honako zazpi puntuotan laburbiltzen dute, atzo Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, hasieran aipaturiko eragileak zergatik dauden Zubietako makrokartzelaren aurka:
1- 1991n presondegien eraikuntza eta amortizazio planaren bitartez abiatzen den makro-kartzelen eraikitzea, zigorraren inguruko negozioarekin du harremana. Ez legearen arabera zigorrari ematen zaion ustezko helburu birgizarteratzailearekin.
2- Zubietako egitasmoa justifikatuko lukeen beharren inguruko ikerketarik ez dago, ez Euskal Herri mailakorik ez eta Gipuzkoa mailakorik ere ez. Mediatikoki, Martuteneko espetxearen gabezi larriak erabili dira aitzakia bezala kartzela berria eraiki beharra argudiatzeko. Baina oinarrian dagoena ez da preso dauden pertsonen bizi baldintzekiko ardura, baizik eta hirigintzari loturiko bestelako interesak.
3- Publikoki eman diren datuen arabera, Zubietako kartzelak 15 hektareatako eremu bat beteko luke, partekatzeko 504 ziegekin, beste 120 osagarrirekin. Legearekin bateraezina den proposamena, eta praktikan 1200 pertsonentzako edukiera ahalbidetzen duen makro-kartzela eredua. Egitasmo hau ez dago zigor askatasun gabetzailea bete beharrean aurkitzen diren gipuzkoarren edo Gipuzkoan bizileku administratiboa duten pertsona kopuruaren arabera pentsatua. Zigorra beteko luketenen gehiengoa ez litzateke herrialdekoa. Bizilekua Gipuzkoan duten presoak 600 inguru dira, eta gehienak hain zuzen ere kondena Gipuzkoatik kanpo betetzen dute.
4- Egitasmo erraldoi hau abian jartzeko orduan, beste behin ere, Zubietako herritarren iritzia ez da kontutan hartua izan.
5- Makro-kartzela berrien eraikuntzan oinarritzen den Gobernuaren politika honek, ez du bilatzen birgizarteratze ekimenen bitartez askatasun gabezian dauden pertsonen kopurua murriztuko luketen baldintzak sortzea. Aitzitik, gizarte gatazkei erantzuteko modu bakar bezala kartzelaratzea eta zigortzea aurreikusten ditu. Apustu honek azaltzen du preso kopuruaren etengabeko hazkundea.
6- Orain arteko justizia penalaren kudeaketak bere porrota aspaldi erakutsi zuela deritzogu. Delitu bat pairatzen dugunean ez delako gai gu babestu eta kalteak konpontzeko; ustezko delitugile bezala prozesatuak garenean gure oinarrizko eskubideak errespetatzeko ezgauza delako. Birplanteamendu orokor bat behar da.
7- Egun nagusi den delituaren trataera eredua, bazterketa arriskuan dauden gizarte-taldeen eta disidentzia politikoaren kriminalizazio selektiboan oinarritzen da. Estatuaren zein bere kontrol polizial eta penalerako aparatuen interesei baino, herritarron beharrei erantzungo dien delituaren tratamenduaren inguruko eztabaida politiko publiko eta parte-hartzailerik ez dago, eta behar-beharrezkoa da.
Espainiar gobernuaren erabakia
Gogorarazi beharra dago, hilabete hasieran espainiar gobernuak Zubietako kartzelako lanak geldiaraztea erabaki zuela, Madrilgo erakundea gauzatzen ari den murrizketen harira. Gai honi buruz hitz egiteko hain zuzen, biltzekotan dira Donostiako Udala eta Espainiako Espetxeen Erakundeetako ordezkaritza. Zubietako kartzelako lanak gerarazteko erabakiak beste zenbait egitasmotan eragiten ari da; Martuteneko espetxea botatzeko asmoa baitago eta eremu berean, hainbat etxebizitza eraikitzekoa. Zubietako kartzela, erraustegitik gertu eraiki asmo dute.