Eskubide zibil eta politikoen aldeko Eleak mugimenduak, maiatzaren 5erako manifestaldi nazionala deitu du, Bilboko La Casillatik 17:30etan abiatuko dena, “Epaiketa politikorik ez! Eskubide guztiak proiektu guztientzat!” lemapean. Mobilizazioa, egun batzuk lehenago, apirilaren 30ean Madrilgo Auzitegi Nazionalean D3M eta Askatasunaren aurka hasiko den epaiketaren harira deitu dute. Larunbatean aurkeztu zuten Bilboko Arriagan, maiatzeko lehen larunbaterako deituriko manifestazioa. Prentsaurreko jendetsuan, besteak beste auzipetu eta beste hainbat lagunek parte hartu zuten. Usurbilgo Ezker Abertzaleak berri eman dutenez, tartean zen, Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpurua. Guztiek D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa, epaiketa politikoa dela salatu eta babesa adierazi zieten epaituei.
Apirilaren 30ean Madrilen hasiko den epaiketa horretan auziperatua dago hain zuzen, Agurtzane Solaberrieta usurbildarra eta baita beste 12 euskal herritar ere: Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta, Zuriñe Zorrozua, Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzana. Guztira, 109 urteko kartzela-zigorra eskatzen du fiskalak.
Mobilizazioak asteotan
Eleak Mugimenduak jakinarazi bezala, Usurbilgo Ezker Abertzaleak mobilizazioak deituko ditu datozen asteotan, usurbileginez.com web orrialdetik berri eman dutenez. "Datozen asteotan epaiketaren aurkako mobilizazioak izango dira hainbat herritan, eta Eleak taldeak jakinarazi du herri batzordeak sortuko dituztela, auzipetuen egoera azaleratu eta eskubide zibil eta politikoen esparruan lan egiteko. Usurbilen ere dagoeneko hasi gara gai honen inguruan lanean eta laister deialdia luzatuko dugu, adi egon!", adierazi dute.
Irudia: usurbileginez.com