Asteartero moduan, gaur ere Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoek entsegu saioa burutuko dute Udarregi Ikastolan. Martxoaren 20 honetako hitzordua ordea, ezohikoa izango da, Mikel Markez abeslaria gonbidatu baitute. Markezek berak, NOAUA! bidez iragarri duenez, "zenbait kanturen inguruko testuingurua azaltzen saiatuko naiz. Kantuek beren garaia dute, beren egitura, hitzek esanahi bat. Askotan, edo ia beti esango nuke, ez diogu erreparatzen guzti horri. Kantuak kantatu egiten ditugu eta kitto". Oreretarra ez dator argibideak eskaintzera soilik, berak gaineratu duenez noski, "ondoren nik beraiekin batera kantatuko baitut".
Ekitaldia, ohi bezala, 18:30etan Udarregi Ikastolako musika gelan hasiko da. Astearteroko deialdiak bezala, Usurbilgo Euskal Kantu Taldekoen entsegu saioa irekia izango da, edonork parte hartu ahal izango du. Mikel Markezen beraren eskutik dator, bost egun barru ospatuko den ekitaldirako gonbita. "Kantatzea gustatzen bazaizue eta kantuen inguruko kontu interesgarriak entzun nahi badituzue azaldu!", adierazi du.
Irudia: Mikel Markez.