IAT-ITV enpresako langileek lan uzteak iragarri dituzte

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 21a, 00:00

Mobilizazioetan dira Urnieta eta Irungo IAT-ITV enpresatako langileak. Lan uzteak iragarri dituzte, martxoaren 27rako, eta apirilaren 16, 18 eta 26rako. Ordutegi honetan; 10:45-18:20 artean. Halaber, martxoaren 29rako deitua dagoen greba orokorrarekin ere bat egin dute. Lan baldintzak jasotzen dituen hitzarmena da hain zuzen, lan uzteak deitu eta burutzeko arrazoi nagusia. 2009tik 2011ra sinatua zuten hitzarmena, abenduaren 31n amaitzen zen. Hitzarmena berritzeari buruzko aurrerapausorik ordea oraindik ez dela eman diote langileek. Enpresaren aldetik hiru bileretarako deialdia jaso dutela aipatzen dute; martxoaren 12, 26 eta apirilaren 17rako hain zuzen. “Lehen bilera ez zen burutu” eta gaineratu dutenez, hitzarmena berritzeko enpresaren proposamenik ez dute. Horregatik, lan hitzarmena berritu artean, otsailaren 29az geroztik mobilizazioetan murgilduak daude. 


Egoera errepikatu da 
Langileok bizitzen ari diren egoera ez da berria. Aurreko lan hitzarmena ere, sei hilabeteko grebaren ostean sinatu baitzuten bi aldeek. Orduko hartan gertaturikoa gogoraraziz, hitzarmen honen berritzea hain gatazkatsua ez lukeela izan behar diote langileek. Aipatu moduan ordea, hitzarmena berritu artean, mobilizazioekin jarraitu asmo dutenez, atsekabea agertzen diete bezeroei lan uzteek eragin ditzaketen eragozpenak direla eta. Mobilizazio hauen inguruko informazioa, langileek sortua duten blog honetan jaso daiteke: huelgaitvgipuzkoa.blogspot.com

EuskoTreneko langileek, 4 orduko lan uztea dute gaur
Asteazken honetan, martxoaren 21ean trena hartu behar duzuenok adi, lau orduko lan uztea deitu baitute EuskoTreneko langileek. Goizean bi orduz, 9:00-11:00 artean, eta arratsaldez, beste bi orduz, 17:00-19:00 burutuko dute lan uztea. Ordu tarte hauetan, gutxieneko zerbitzuak baino ez ditu eskainiko EuskoTrenek. Ohiko joan etorrien %30a bermatuko dute. 

Ordutegiak
EuskoTrenek duen web orrialdean berri ematen ari direnez, tren zerbitzuok bermatuko dituzte lan uzte orduetan:

USURBILDIK DONOSTIARA:
9:00-11:00 artean: 11:24, 12:24, 13:24.
17:00-19:00 artean: 17:54 eta 18:54koa ez dute bermatuko, bai aldiz, 19:24koa, 20:24koa eta 21:24koa.

DONOSTIATIK USURBILA:
9:00-11:00 artean: Donostiatik 9:47an irtengo dena (Usurbilen, 10:01ean) bermatuko dute, ez aldiz 10:47koa (Usurbilen, 11:01ean iristen dena). 
17:00-19:00 artean: ez dituzte bermatuko, 17:17, 17:47, 18:17ko trenak (Usurbilera, 17:31, 18:01 eta 18:31n iristen direnak). Bai aldiz, Donostiatik 18:47an irtengo dena (Usurbilen, 19:01ean).

Lurraldebus autobusetan ere eragingo du lan uzteak
Lau orduko lan uzteak, besteak beste, Lurraldebus sistemaren barruan dauden EuskoTreneko autobusetan ere eragingo duela iragartzen ari dira EuskoTreneko web orrialdean. Informazio gehiago telefono zenbaki honetan: 902 543 210. Edo bestela, euskotren.es web orrialdean.