Sindikatu guztiek martxoaren 29rako deitu duten greba orokorrari begira, alderdi politiko, lantegi, erakunde publiko eta eragileak aipatu 24 orduko lan uztearekin bat egiten ari dira. Usurbilen, sindikatuez gain, Ezker Abertzaleak, Aralarrek eta ITAYA Gazte Asanbladak datorren asteko mobilizazioekiko atxikimendua adierazi dute.
Ezker Abertzalea: "Alternatiba bat artikulatzeko"
Herritarrak gobernu espainiarrak iragarritako murrizketei era bateratuan erantzun irmoa ematera deitu ditu Ezker Abertzaleak. “Aurreko hiru greba orokorretan egin moduan, Ezker Abertzaleak ere euskal jendarte osoari deia luzatzen diogu, greba orokorrean parte hartuz, aldaketa politiko eta sozialeko motor bihur dadin”, ohartarazi dute usurbileginez.com web orrialde bidez. Norberak bere esparrutik, indarrak bildu eta murrizketei aurre eginez, “alternatiba bat artikulatzeko” grebara deitu dute. Ohartarazten dutenez, "egoera larri horren aurrean, gero eta beharrezkoagoa da Euskal Herriak urratsak egitea erabakitzeko eskubidea bereganatu eta lan esparru propioa lortzeko bidean. Marko propio bat behar dugu erabaki ekonomikoak eta politikoak bideratzeko eta kapitalak sortutako krisiak eragin duen egoera ekonomiko larri hau beste modu batez kudeatzeko. Erabateko burujabetza, gure politika ekonomikoa, fiskala eta laborala finkatu ahal izateko".
Aralar: "Ez da eskuak gurutzatuta geratzeko garaia"
Aralarrek ere bat egin du greba orokorrarekin. Euren ustez, euskal gizarteak agerian utzi behar du hilaren 29an bestelako eredu bat behar dela, “gizarte juxtu eta solidarioagoa eraikitzeko”, egungoak porrot egin baitu. Egungo ereduko kudeatzaileek gizarteko sektore ahulenen kontra egin dutela diote. Horregatik, Aralarren ustez, “ez da eskuak gurutzatuta geratzeko garaia. Egiturazko krisi honetara eraman gaituen eredua iraultzeko eta burujabetza politiko eta ekonomikoa baliatuta herritarrak erdigunean izango diren gizarte eredua eraikitzen hasteko unea iritsi da, indarrean daukagun ereduak porrot egin duela ageri-agerikoa delako”. Harremanen euskal esparrua defendatzen du Aralarrek, eta "justizia sozialean oinarritutako alternatiba eraikitzeko lanean laguntzeko konpromisoa hartzen dugu".
ITAYA Gazte Asanblada: "Inposaketarik ez!"
NOAUA!-ko web orri bidez bestalde, ITAYA Gazte Asanbladak bat egin du baita, astebete barrurako iragarri den 24 orduko lan uztearekin, baita aldez aurretik iragarri diren mobilizazioekin ere. “Gazteok ere badugulako zeresanik gure etorkizunean! Inposaketarik ez!”, adierazi dute.