Eskualdeko manifestaldia ostiralean, greba orokorrari begira

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 21a, 00:00

Usurbil eta Lasarte-Oriako LAB sindikatuak eskualde mailako manifestaldia deitu du ostiral honetarako, martxoaren 23rako, Lasarte-Orian. 19:00etan abiatuko da, Okendo plazatik. Sindikatu berak, Hernanitik abiatu eta eskualde osoa zeharkatuko duen auto karabana deitu du, martxoaren 27rako. Bestalde, gaurko herri batzar bana antolatu du Buruntzaldeko ELA-k, Hernanin. Goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan, “Buruntzaldeko langile, langabetu, ikasle, erretiratu zein beste edozeinentzako”. 


Oraingoz, hauek dira, martxoaren 29ari begira iragarri diren mobilizazioak.

Elkarretaratze eta manifestaldia, greba egunean 
Usurbilgo Ezker Abertzaleak iragarri duenez bestalde, martxoaren 29ko greba egunerako, zenbait mobilizazio iragarri dira. Ohi bezala, eguerdi partean Donostian herrialde mailako manifestaldia burutuko da. Aurretik ordea, goizeko 10:00etan elkarreratzea deitu da Mikel Laboa plazan. Arratsaldeko 18:00etan berriz, manifestaldia abiatuko da leku beretik, LAB sindikatuak eta Ezker Abertzaleak deituta.