San Marko Mankomunitatearen eskutik, martxoaren 1az geroztik abian da "Olaiaren erronka". Donostiako Gipuzkoa plazan egon zen lehenik, gero Pasaian eta egunotan, igandera arte Lasarte-Oriako Okendo plazan kokatuko da apartamentua. Goizeko 10:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte, egunero hamar orduz, bizileku horretan elkarbizi beharko dute Olaiak eta Aitorrek. Olaiak pisukide izango duen Aitorri birziklatzen irakatsi beharko dio. Lortuko ote duen edo ez ikusi nahi duenak, aipatu moduan, Lasartera gerturatu besterik ez du. Bestela, telebistako reality saioen moduan, streaming bidez Olaia eta Aitorren arteko elkarbizitza zuzenean ikusteko aukera izango da egunero, olaiarenerronka.net web orri bidez. Zuzenean bat egin daiteke beraz, Lasarteko Okendo plazarekin.
Herritarren artean birziklatzea sustatu eta hondakinen gaikako bilketak duen garrantziaz sentsibilizatzeko abiatu dute ekimen berri hau. Olaiarenerronka.net web orrialdean informazio gehiago jaso daiteke. Lasarte-Oriatik Errenteriara lekuz aldatuko dute Olaiaren eta Aitorren elkarbizitza. Hilaren 28tik apirilaren 1era Errenteriako Gamon Zumardian egongo dira.