Azaroko lehen asteburuan izandako uholdeek hainbat kalte eragin zituzten; tartean, lurjauzia Andatza bidean, Igartzabalaetik Puelaberrira doan herri bidean, Aitzmurgil parean. Usurbilgo Udalak jada gune honetako kalteak konpondu dituela berri eman du. Lanak, Obra Construcciones ERGA S.L. enpresak burutu ditu. Duela lau hilabeteko uholdeek beste hainbat kalte eragin zituzten, herri-bide, udal azpiegitura edota altzarietan. Udalak web orri bidez zehaztu duenez, "400.000 euro baino gehiagoko galerak izan ditu bere ondasunetan".
Iturria eta irudia: usurbil.net
Azaroko uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko, diru-laguntza eskatuko du Udalak
1,7 milioi euroko laguntza bideratuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, joan den azaroa hasierako uholdeek eragin zituzten kalteak konpontzera. Horietatik 1,5 milioi euro herrialdeko udal desberdinek jasandako kalteei aurre egiteko izango dira. Prentsa ohar bidez, Usurbilgo Udalak jakitera emana duenez, Aldundiko diru-laguntza deialdia martxan da eta Usurbilgo Udalak eskaera aurkeztuko du.
Diru-laguntza deialdi hau martxan jartzerako, Aldundiak kalteen inguruko informazioa bildu du. Udaletik ere Aldundira helarazi ziren, Usurbilen izandako kalteen inguruko zehaztasunak. "Gipuzkoako Foru Aldundiak, kaltetutako herrietako udalekin lankidetzan, ondasun publikoetan nahiz pribatuetan izandako kalteei buruzko informazioa bildu du, eta kalte horien ebaluazioa egin du. Horretarako lagungarria izan da, beste batzuen artean, Usurbilgo udalak kaltetuentzako ireki zuen bulegoaren bitartez bildutako dokumentazio guztia. Foru Aldundiaren gomendioa jarraituz eta bitartekaritza lana eginez, abenduan Foru Aldundira igorri ziren udalean jasotako eskaera guztiak", adierazi du Udalak prentsa ohar bidez.
Nekazariek, eskaerak aurkeztu behar
Aipatu moduan, 1,7 milioi euro bideratuko ditu Aldundiak azken uholdeetako kalteak konpontzera. 1,5 milioi euro kalteturiko udalentzat izango dira, eta beste 200.000 euro nekazari eta abeltzain profesional kaltetuentzat. Kasuotan, nekazariek eurek aurkeztu beharko dute diru-laguntza deialdirako eskabidea. "Nekazariek zuzenean aurkeztu beharko dute eskaera berria Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuko Landare Alorreko Unitatean (Gipuzkoa plaza z/g, 3. solairua, 2004 Donostia) hilabeteko epean", zehaztu du Udalak.
Diru-laguntza deialdia martxoaren 1ean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.