VIII. Soinurbil Musika Astea amaiera bidean, azken ekitaldiak asteburuan

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 23a, 00:00

Sutegiko auditorioa goraino bete zen atzo, Zumarte eta Loatzo Musika Eskoletako kideek eskaini zuten emanaldian. Web orrialde honetan bertan saioko bideo bat ikus daiteke. Ostegun honetako hitzorduarekin, azken txanpan murgildu da jada VIII. Soinurbil Musika Astea. Igandera arte ordea, oraindik beste hiru ekitaldi ospatuko dira.

Tartean, gaur iluntzean, De Mode Quartet (ondoko argazkian) taldeak emanaldia eskainiko du, 20:30etatik aurrera Sutegin. Umorez betetako musika eta antzerki emanaldia izango da. “A capella” abestutako bertsioak, koreografia atseginak eta elkarrizketa bitxiak tartekatuko ditu. Sarrerak aldez aurretik Oiardo Kiroldegian egon dira salgai, 6 eurotan. Emanaldia hasi baino lehen ordea, gaur ere Sutegin bertan sarrerak eskuratzeko aukera izango da, 8 euroren truke. 

Garinoaingo Musika Banda, agurrerako
Larunbat honetan bestalde, Donosti-Ereski abesbatzaren kontzertua ikusi eta entzuteko aukera egongo da Salbatore Parrokian. Sarrera ordaindu beharrik izan gabe, doakoa izango baita.

Iazko hauteskundeetan gertaturikoak hedabideetan zeresana eman duen Nafarroako udalerri txiki bateko, Garinoaingo Musika Bandak borobilduko du aurtengo Soinurbil Musika Astea. Aurreko edizioen ildotik, goizeko 11:30etatik aurrera kalejirarekin Kaxko ingurua girotuko dute, eta ondoren, emanaldia eskainiko dute frontoian. 

Hona hemen beraz, astebururako iragarri diren ekitaldiak:

Martxoak 23, ostirala 
20:30 De Mode Quartet Taldearen emanaldia Sutegiko auditorioan.

Martxoak 24, larunbata 
20:00 Donosti-Ereski abesbatzaren emanaldia Salbatore elizan.

Martxoak 25, igandea
Garinoaingo Musika Banda:
11:30 Kalejira. 
12:30 Emanaldia frontoian. 

Antolatzaileak: Zumarte Musika Eskola eta Usurbilgo Udala.