Astebete barru ospatuko den Elkartasun Egunean ez da bertsolari eta abeslaririk faltako. Martxoaren 31rako, ITAYA Gazte Asanbladak, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak eta Nafartarrak Taldeak, euskal preso politikoen eta iheslarien eskubideen alde antolatu duten egun pasan, bertsoa eta kantua uztartuko dira. Unai Gaztelumendi eta Imanol Lizarazu "Habana"rekin eguerdi partean triki-bertso poteoa ospatuko da Kaxkoan eta ondoren, bertso bazkaria frontoian.
Kantu-jira berezia
Bestalde, Elkartasun Eguna hilabeteko azken larunbatarekin egokitu da. Kantu-jira ospatu ohi den egunean. Kantuzaleek ordea, izango dute Elkartasun Egun honetan parte hartzeko aukerarik. Ohi bezala, 19:00etan irtengo dira abestera kalejiran. Oraingoan ordea, Mikel Laboa plazatik izan beharrean, Askatasuna plazatik abiatuko dira. Bidelagun izango dituzte gainera, Iparraldeko kantari eta musikariak. Ondoren, afaria antolatu dute Artzabalen.
Sarrerak salgai
Bertso bazkarirako eta kantu afarirako txartelak salgai daude jada. Frontoian burutuko den bertso bazkarirako sarrerak, Irrati eta Txiriboga tabernetan egongo dira salgai, martxoaren 28ra arte. Prezio hauetan; langileek 15 eurotan, ikasle eta langabetuek 12 eurotan.
Kantu afarirako txartelak ere salgai daude 22 eurotan, Bordatxon eta Artzabalen. Honako menua dastatu ahal izango da Artzabalen: espinaka eta ganba pudina; bakailu takoa saltsan; basurde gisatua; flana izozkiarekin; edaria (urteko ardoa, sagardoa), ogia eta kafea.
Hona hemen, datorren Elkartasun Eguneko egitarau osoa:
11:00 Herri kirolak frontoian.
12:30 Triki-bertso poteoa: Unai Gaztelumendi eta Imanol Lizarazu "Habana"rekin.
14:00 Bertso bazkaria frontoian, Unai Gaztelumendi eta Imanol Lizarazu "Habana" bertsolariekin.
18:00 Manifestazioa Mikel Laboa plazatik.
19:00 Kantu-jira Askatasuna plazatik. Iparraldeko kantariez eta musikariez lagunduta; iparra eta hegoa elkarrekin kantuan!.
21:00 Kantu afaria Artzabalen.
23:00 Kontzertuak frontoian: Bertan Bera, Materia Gris, Trifulka eta Laket.
Antolatzaileak: ITAYA Gazte Asanblada, Euskal Kantu Taldea eta Nafartarrak Taldea.