Osteguneko greba orokorrari begira, lehen mobilizazioak burutu dira

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 26a, 00:00

Espainiar gobernuaren azken lan erreformaren aurka sindikatuek ostegun honetarako, martxoaren 29rako deitua duten greba orokorrari begirako lehen mobilizazioak burutu dira eskualde mailan. Joan den ostiralean, Usurbil eta Lasarte-Oriako LAB sindikatuak deituta, manifestaldi batek Lasarteko Kaxko inguruko kaleak zeharkatu zituen, "Inposaketen aurrean burujabetza, M-29 greba orokorra" lemapean. Sindikatutik berri eman dutenez, 100 lagun inguruk parte hartu zuten mobilizazioan.


M-29: Elkarretaratzea eta manifestaldia
Hiru egun barrurako deitua dagoen 24 orduko lan uztearen baitan, hainbat hitzordu deitu dituzte Usurbilgo LAB sindikatuak eta Ezker Abertzaleak. Ostegun goizeko 10:00etan elkarretaratzea burutuko da Mikel Laboa plazan. Leku beretik, arratsaldeko 18:00etan manifestaldia abiatuko da bestalde. Eta eguerdian, Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestaldi bana deitua dago; tartean, Donostian. Ohi bezala, hiru zutabe abiatuko dira Gipuzkoako hiriburuko gune desberdinetatik: bat Grosetik, bestea Anoetatik eta hirugarrena, Antiguotik. Zutabe guztiak bildu eta aipatu moduan, manifestaldia burutuko da Donostiako erdigunean barrena. Usurbildarrak, Antiguako zutabera gerturatzera deitu ditu LAB sindikatuak.

Atez ateko bilketarik ez, greba egunean
Greba orokorra izanik, saltoki, lantegi eta bestelako guneak itxita egongo dira ostegunean. Greba orokorrak gainera udal zerbitzuetan ere eragingo du. Usurbilgo Udalak bando bidez berri eman duenez, martxoaren 29an ez da atez ateko bilketa zerbitzurik izango, udal zerbitzu honek bat egin baitu ostegunerako deitua dagoen greba orokorrarekin. Honenbestez, egun horretan ez da hondakin organikorik bilduko.

Irudia: Txintxarri.