San Markoren bigarren eskuko azoka, igande goizean

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 26a, 00:00

"Merka2Sanmarcos" izeneko bigarren eskuko azoka ospatuko da igande honetan, apirilaren 1ean, Dema plaza eta frontoi inguruan. Bertan, produktu erabiliak oparitu, saldu edo trukatu ahal izango dira. San Marko Mankomunitateak berak antolatu duen ekimenerako gonbitak banatu ditu Usurbilgo bizilekuetan. Datorren hileko lehen eguneko azokak, informazio gunea, gordailu-salmenta eta salmenta zein truke postuak izango dituela berri ematen dute. 

Informazio gunean, San Markotik gogorarazten dutenez,  "hiri-hondakinen sorrera prebenitzeko informazioa eta baliabideak jasoko dituzu". Gordailu salmentan, "utzi zure erabilitako gauzak (arropa ez beste edozer) merkatu eguneko lehen orduan eta gordailu-salmentako arduradunek zaindu eta salduko dizkizute". Azkenik, salmenta eta truke postuak jartzera animatzen dituzte herritarrak; "norbanakoei, elkarteei, ikastetxeei... zuzendua. Erreserbatu mahai bat nahi duzun merkatu guztietan. Eraman zure erabilitako gauzak eta saldu edo trukatu bertan". 

Izen ematea
Postuak jartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago. Informazio gehiago jasotzeko edo apuntatzeko, www.merka2sanmarcos.org web orrialdea dago, edo bestela 943 670 249 telefono zenbakia (9:00-17:30 artean, astelehenetik ostiralera). 

Usurbilgo Bigarren Eskuko Azoka, igandean, apirilaren 1ean ospatuko da, 10:00-14:00 artean Dema plaza eta frontoi inguruan. San Marko Mankomunitateak halako ekimen bat antolatzen duen bosgarren aldia da, eta Usurbilgo hitzorduarekin emango zaio amaiera. Hain zuzen, otsaila amaieraz geroztik Mankomunitatea osatzen duten gainerako 9 udalerrietan ospatu baita jada, bigarren eskuko azoka: Hernanin, Urnietan, Pasaian, Astigarragan, Lezon, Lasarte-Orian, Oiartzunen, Donostian eta Errenterian.