Malirako laguntza bilduko da asteburuan

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 26a, 00:00

Bizi duten lehortea dela eta, elikagai faltan dira Maliko herritarrak. Laguntza eskatu dute, janaria, gosez baitira. Larrialdi egoera honetan egin duten deialdiari erantzunez, Usurbilgo Katekesiko 6.mailako ikasleek hara bidaltzeko oinarrizko elikagaiak bilduko dituzte asteburu honetan. Eurek berri eman dutenez, Malin “ez du euririk egin, beraz ezin dute landatutako ezer jaso. Orain ez dute ezer jateko. Soilik “Togo” izeneko zereal batekin elikatzen dira, eta hori ere garestia egiten zaie”. 


Egoera honen aurrean, eta aipatu ikasle taldea “mundua aldatzeko, aurrena pertsonak aldatu behar dugula lantzen” ari diren honetan, oinarrizko elikagaiak bildu nahi dituzte asteburu honetan: arroza, pasta, poteko tomatea eta azukrea. Ikasle taldeak gogorarazten duenez, “berriro ere guretzat eginkizun txiki bat dena, beraientzat handi bihurtzen da”. 

“Urrutiko gure lagunak” 
Ondoko argazkian ageri direnak, Maliko Sain Paul eskolako lagunak dira, “urrutiko gure lagunak bihurtu dira” katekesiko ikasleek adierazi dutenez. Ez da Usurbildik hara laguntza bidaltzen duten lehen aldia, “urtero, gabonetan biltzen dugun eskola materiala bidaltzen diegu. Beraiek eskertu egiten digute”.

Bilketa egunak 
Aipatu moduan, oinarrizko elikagaiak ordu eta lekuotan utzi ahal izango dira asteburuan: 
-Martxoak 30, ostirala: 18:00-19:30 Parrokiko etxean. 
-Apirilak 1, igandea: 13:00 Eguerdiko meza ostean, eliza aurrean.