Lan erreformari buruzko mozioa bozkatuko dute, gaurko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 27a, 00:00

Martxoko azken asteartea dugu gaur, osoko ohiko bikura eguna beraz. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da saioa, Bildu, Aralar, Hamaikabat, EAJ-PNV eta PSE-EE-ko udal ordezkariak udalbatza aretoan elkartutakoan. Eguneko gai zerrendari begiratuta, hiru mozio aurkeztu eta bozkatuko dira. Tartean, hizpide izango da ostegunerako sindikatuek deitu duten greba orokorra. Hain zuzen, Usurbilgo Aralarrek eta Bilduk Lan Erreformari buruzko mozioa aurkeztuko baitute. Aipatu moduan ordea, beste bi testu ere bozkatuko dira. Bata, Bateragune auziari loturikoa, hau ere Bilduk eta Aralarrek aurkeztua. Bestea, Aralarren eskutik irakurri eta bozkatuko dena, “finantza entitateei desjabetzeak eten daitezen” eskatzeko.


Hilerri berria eta Maixu etxea ere, hizpide 
Hirigintza alorreko beste zenbait proposamenekin hornitua dator baita, martxoaren 27ko osoko bilkura hau. Batetik, hilerri berriari loturiko bi erabaki onar ditzake udalbatzak gehiengoaren babesa baldin badu behintzat; joan den abenduaren 22an harturiko erabaki bat bertan behera uztea eta 6. loteko hilobien eskubideak ere esleitu asmo dute gaurkoan. Bestalde, uren Zerbitzurako Ordenantzaren Aldaketa hasieraz onartu edo ez, azken hitza udalbatzak izango du astearte honetan. Aginagako erriberako bidearen erabilera publikoa, eta Maixu Etxeko udal etxebizitzen inguruko bi proposamenek osatuko dute, jarraian zehaztasun handiagoz datorren gai zerrenda hau: 
1-Alokabide, S.A. sozietatearen eta Usurbilgo Udalaren arteko Lankidetza-Hitzarmenaren eranskin berria onartzea, alokairuan diren udal etxebizitzen kudeaketa-ordainsariak 2012rako eguneratzeko eta Gernika ibilbidea, 13, 1. eskuina etxebizitzaren gestioa Lankidetza-Hitzarmenari gehitzeko. 

2-Udal hilerri berriaren erregimena eta funtzionamendurako araudiaren 12. artikulua aldatzeko Plenoak 2011ko abenduaren 22an hartutako erabakia bertan behera uztea. 

3-Udalak hilerri berrian eskainitako hilobien gaineko eskubideak esleitzea (6. lotea). 

4-Uren Zerbitzurako Ordenantzaren Aldaketa hasieraz onartzea. 

5-Aginagako erriberan bidea erabilera publikoan jartzeko espedientean aurkeztutako alegazioei erantzutea eta proiektuak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda behin betiko onartzea. 

6-Galdera, eskaera eta mozioak:
6.1.-Usurbilgo Aralarrek eta Bilduk aurkeztutako Lan Erreformari buruzko mozioa. 
6.2.-Bateragune auziaren aurrean Bilduk eta Aralarrek aurkezten duten mozioa. 
6.3.-Usurbilgo Aralar udal taldeak aurkeztutako mozioa: Finantza entitateei eskaera desjabetzeak eten daitezen.