Urnieta eta Irungo IAT-ITV enpresako langileek astearte honetarako iragarria zuten lan uztea bertan behera utzi dute. Langileek erabaki hau hartu dute, huelgaitvgipuzkoa.blogspot.com blogaren bidez berri eman dutenez, langileek negoziatzeko duten borondatearen erakusgarri. Langileek harturiko erabaki hau, enpresako zuzendaritzak aintzakotzat hartzea espero dute, eta biltzeko deia egin diete, negoziazioko arauak argitu eta bide horretan aurrera egin ahal izateko.
Lan hitzarmena, gatazkaren erdian
Urnieta eta Irungo IAT-ITV enpresatako langileek, lan uzteak iragarriak zituzten, ez bakarrik astearte honetarako, baita apirilaren 16, 18 eta 26rako ere. Ordutegi honetan; 10:45-18:20 artean. Halaber, martxoaren 29rako deitua dagoen greba orokorrarekin ere bat egina dute. Lan baldintzak jasotzen dituen hitzarmena da hain zuzen, lan uzteak deitu eta burutzeko arrazoi nagusia. 2009tik 2011ra sinatua zuten hitzarmena, abenduaren 31n amaitzen zen. Hitzarmena berritzeari buruzko aurrerapausorik ordea oraindik ez dela eman diote langileek. Enpresaren aldetik hiru bileretarako deialdia jaso dutela aipatzen dute; martxoaren 12, 26 eta apirilaren 17rako hain zuzen. “Lehen bilera ez zen burutu” eta gaineratu dutenez, hitzarmena berritzeko enpresaren proposamenik ez dute. Horregatik, lan hitzarmena berritu artean, otsailaren 29az geroztik mobilizazioetan murgilduak daude.
Egoera errepikatu da
Langileok bizitzen ari diren egoera ez da berria. Aurreko lan hitzarmena ere, sei hilabeteko grebaren ostean sinatu baitzuten bi aldeek. Orduko hartan gertaturikoa gogoraraziz, hitzarmen honen berritzea hain gatazkatsua ez lukeela izan behar diote langileek. Aipatu moduan ordea, hitzarmena berritu artean, mobilizazioekin jarraitu asmo dutenez, atsekabea agertzen diete bezeroei lan uzteek eragin ditzaketen eragozpenak direla eta. Mobilizazio hauen inguruko informazioa, langileek sortua duten blog honetan jaso daiteke: huelgaitvgipuzkoa.blogspot.com