Greba orokorra bihar, lan erreforma berriaren aurka

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 28a, 00:00

Espainiar gobernuak onarturiko azken lan erreformaren aurkako greba orokorra deitu dute sindikatuek, biharko, martxoaren 29rako. 24 orduko lan uztearen baitan, hainbat mobilizazio antolatu dira han eta hemen. Usurbilen, LAB sindikatuak eta Ezker Abertzaleak bi hitzordu finkatu ditu. Lehena, goizeko 10:00etarako Mikel Laboa plazan; elkarretaratzea burutuko da frontoi atzean. Leku beretik, manifestaldia abiatuko da arratsaldeko 18:00etan. 

Eguerdian, manifestaldiak hiriburuetan
Eta eguerdian, Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestaldi bana deitua dago; tartean, Donostian. Ohi bezala, hiru zutabe abiatuko dira goizeko 11:45etan, Gipuzkoako hiriburuko gune desberdinetatik Artzai Onaren Katedralera: bat Saguesetik, bestea Anoetatik eta hirugarrena, Antiguotik. Zutabe guztiak Artzai Oneko Katedralaren parean bildu eta aipatu moduan, manifestaldia burutuko da bertatik, 12:30etatik aurrera Donostiako erdigunean barrena. Usurbildarrak, Antiguako zutabera gerturatzera deitu ditu LAB sindikatuak.

Atez ateko bilketarik ez, greba egunean
Greba orokorra izanik, saltoki, lantegi eta bestelako guneak itxita egongo dira ostegunean. Greba orokorrak gainera udal zerbitzuetan ere eragingo du. Usurbilgo Udalak bando bidez berri eman duenez, martxoaren 29an ez da atez ateko bilketa zerbitzurik izango, udal zerbitzu honek bat egin baitu ostegunerako deitua dagoen greba orokorrarekin. Honenbestez, bihar ez da hondakin organikorik bilduko.

Lehen mobilizazioak egin dira
Espainiar gobernuaren azken lan erreformaren aurka sindikatuek biharko, martxoaren 29rako deitua duten greba orokorrari begirako lehen mobilizazioak burutu dira azken egunotan, eskualde mailan. Joan den ostiralean, Usurbil eta Lasarte-Oriako LAB sindikatuak deituta, manifestaldi batek Lasarteko Kaxko inguruko kaleak zeharkatu zituen, "Inposaketen aurrean burujabetza, M-29 greba orokorra" lemapean. Sindikatutik berri eman dutenez, 200 lagun inguruk parte hartu zuten mobilizazioan.

Buruntzaldeko LAB: "lan erreformak, langileria osoari egiten dio eraso"
Martxoaren 29ko greba orokorrarekin bat egin duen LAB sindikatuko Buruntzaldeko ordezkaritzak, eskualdeko herritarrak "greba orokorra babestera" deitu zituen, martxoa hasieran Lasarte-Oriako Villa Mirentxu eraikinean burutu zuten agerraldian adierazi zutenez. Euren esanetan, espainiar gobernuak onarturiko lan erreforma berriak, "langileria osoari egiten dio eraso eta erreforma horren ondorioa izango da, langileriaren lan harremanak eta denon bizi baldintzak orokorrean kaskartzea". 

Atzerapauso bat baino gehiago eragingo du espainiar gobernuaren neurri berri honek, LAB sindikatukoen arabera, besteak beste, "erreformaren helburuetako bat orain arteko negoziazio kolektiboari eraso eginez langileen eros ahalmena murriztea da". 

Eraso gisa definitu duten hau, ez da lehena ezta azkena izango. Sindikatu abertzaletik iragarri dutenez, "ziur gara gehiago etorriko direla". Egoera horren aurrean, Euskal Herria ekonomikoki eta politikoki burujabea izatea beharrezkotzat jotzen dute eta gaineratzen dutenez, "euskal langileriak justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria bat eraiki behar du, estatutik datozen erreforma, murrizketa, inposaketa eta ukazioen gainetik".

Martxoaren 29ko greba orokorraz gain, aurrera begirako elkarlanari ekin diote LAB sindikatutik. "Eskualdea osatzen dugun herrietan gainontzeko eragile sozial eta politikoekin harremanetan hasi gara beste ekimen batzuk martxan jartzeko eta Martxoaren 29an herrietan grebari babesa emateko ekimen eta mobilizazioak antolatzeko", adierazi zuten joan aipatu prentsaurrekoan. 

Buruntzaldeko ELA: "Mobilizazioa egitea besterik ez zaigu geratzen" 
"Enplegua, soldatak eta lortutako baldintza eta eskubideak errotik desagerraraztea" du helburu ELA sindikatuaren iritziz, espainiar gobernuak onartu berri duen lan erreforma berriak. PP-k harturiko erabakia, "lan eta gizarte eskubideen aurka eginiko erasorik bortitzena da", martxoa hasieran Hernaniko egoitzan Buruntzaldeko ordezkariek eskaini zuten agerraldian adierazi zietenez. Eta egoera honen aurrean argi diotenez, "mobilizazioa besterik ez zaigu geratzen".

Martxoaren 29rako deitua dagoen greba orokorrarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak. Euren hitzetan, "arrazoi ugari ditugu eraso hauen aurrean grebara joateko". Espainiar gobernuak harturiko neurria, "langileen estatutua errotik aldatzen du; kaleratzeko garaian ordaindu beharreko indemnizazioa, soldatzen mantentzea, gaixorik egoteko eskubidea, kaleratzeko arrazoiak, enplegu erregulazio espedienteen aurkezpena, hitzarmen kolektiboaren babesa, lan kontratuen araudia...". Lan erreforma honek ondorio latzak dakartzala eta ekarriko dituela gogorarazten dute ELA sindikatutik. "Lan Baldintzen erreforma prozesu sakon batean murgilduta gaude, eta etorkizunean murrizketa gehiago eta erreforma gehiago egingo dituztela iragarri dute. Krisiagatik hartu beharreko neurriak direla deritzote behin eta berriz, baina jakin badakigu murrizketa eta aldaketa kaltegarri guzti hauek geratzeko etorri direla". 

Elkarlana, aurrera begira
Are gehiago, krisia gizartea izutzeko eta kontratuak malgutzeak langileen kaleratzeak merketzeko baliatzen ari direla salatzen dute. Modu horretan, hamarkada hauetan lorturiko hainbat eskubide, "hilabeteetan ezabatzen ari dira" ELA sindikatuaren arabera: "Agintariek gastu sozialaren aurka jo dute, makina bat jende langabeziara eta pobreziara kondenatuz". Hortik dator, martxoaren 29an greba orokorra egiteko deia. Baina 24 orduko lan uzte honetatik haratago, alternatiben eta elkartasun politiken aldeko borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi dute ELA-tik. Elkarlana burutzeko asmoa dute eragile desberdinekin.

Irudia: Txintxarri.