Bateraguneko auziperatuak aske uztea eskatu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 28a, 00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiari loturiko helegitea aztertzen ari da, asteazken honetan. Bertan auziperatuak daude, Ezker Abertzaleko kide Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto. Kartzela zigorrarekin kondenatu zituen Auzitegi Nazionalak ETAko kide izatea egotzita. Auziperatuen defentsak bost euskal herritarrak aske uztea eskatzen du. Fiskaltzak aldiz, Otegi eta Diezentzat hamarna urteko kartzela zigorra, eta zortzina urteko zigorra Zabaleta, Rodriguez eta Jacintorentzat. 


Udalbatza, auziperatuak askatzearen alde
Atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran, gai honen inguruko mozioa aurkeztu zuten Bilduk eta Aralarrek. Bateragune auziko bost auziperatuak aske uztea eskatu zuen udalbatzak, gehiengo osoz onartu zuen testuaren bidez. Eta beti ere, mozioak jasotzen duenez, "herritarren gehiengoaren eskaera kontuan hartuz". Bilduk eta Aralarrek aurkezturiko testuaren arabera, "ez Euskal Herritarren gehiengoak, ez eta nazioarteko iritzi publikoak ere, ez du ulertzen eta onartzen, Bateragune auzian kondenatutako bost Euskal Herritar hauek kartzelan izaterik. Ez du onartzen, sortu den egoera berri honen aurrean, espainiar estatuak urrats positiborik eman gabe gelditzerik". Lan politikoa egiteagatik atxilotuak izan zirela gogorarazten dute, "ziklo aldaketa ekarri duen lan politikoari ekiteagatik hain zuzen ere".