Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, dei egin nahi die Euskal Herri osoko euskaltzaleei, Baionan martxoaren 31n "Gure hizkuntzak, eskubide bat, lege bat" leloarekin Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak antolatu duten manifestazioan parte hartzeko. "Lehenago ere euskararen legezko babesa aldarrikatzeko manifestaldiak antolatu izan dira Ipar Euskal Herrian, eta euskaltzaleen Deiadar modura irudikatu dira manifestaldi jendetsuak, eta horri segida ematera dator larunbateko manifestazioa" dio prentsa oharrak. Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Baionako Xaho kaitik.