Desjabetzeak eteteko eskaera finantza entitateei

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 28a, 00:00

Etxebizitza hipotekei aurre egin ezin dioten bezeroen zorra kitatzeko, desjabetze bidea eten dadila; gipuzkoar herritarrek duten hipotekaren zorra kitatzeko, egoera ekonomiko larrian dauden familiei eta lehen etxebizitza kasuetarako, etxebizitzaren lagapena ordainketa kontzeptuan onar dadila; zorra txikiagoa denean finantza-entitateak hartuko du etxebizitza eta bezeroak etxebizitza horretan jarraituko du alokairu sozial batekin irtenbide moduan. Aurrerago bezeroaren egoera aldatzen denean berrerosketarako aukera izango du.

Hiru eskaerok biltzen ditu, atzo arratsaldean burutu zen osoko ohiko bilkuran Usurbilgo Aralarrek aurkeztu zuen mozioak. Aho batez onartu zuen udalbatzak. Testuak adierazten duenez, "Gipuzkoan diharduten finantza entitateek garatzen ari diren desjabetze politikak eten behar dituzte, zorrei aurre egiteko irtenbideak egon badaudelako". Etxebizitza izatea oinarrizko eskubidea dela gogorarazita, lehentasuntzat jotzen dute, "herritarrek finantza entitateekin jasotzen diharduten zorpetze maila etetea, arrisku handiko kredituak eman baitira urteetan zehar, behar adinako informaziorik jaso gabe hainbatetan, eta zorpetzean erortzeak ekar zitzakeen ondorioak azaleratu gabe. Etxebizitzaren eskubide subjektiboa gauzatzea ez da sinesgarria eta bideragarria izango, Lurzoru Legeak aldatzen ez badira, eta finantza entitateek kreditu lerroen zein hipoteken espekulazioekin, zorren kitapen espekulatzaileekin eta hautetatik ondorioztatzen diren desjabetze politikekin eteten ez duten bitartean".