Greba orokorrarekin bat egin dute baita, hainbat herri eragilek

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 28a, 00:00

Sindikatuekin batera, lantegi, langile, erakunde, hainbat alderdi politiko eta eragileek bat egin dute biharko deitua dagoen greba orokorrarekin. Usurbilen, besteak beste, Ezker Abertzaleak, Aralarrek eta ITAYA Gazte Asanbladak. 


Herritarrak gobernu espainiarrak iragarritako murrizketei era bateratuan erantzun irmoa ematera deitu ditu Ezker Abertzaleak. “Aurreko hiru greba orokorretan egin moduan, Ezker Abertzaleak ere euskal jendarte osoari deia luzatzen diogu, greba orokorrean parte hartuz, aldaketa politiko eta sozialeko motor bihur dadin”, ohartarazi dute usurgileginez.com web orrialde bidez. Norberak bere esparrutik, indarrak bildu eta murrizketei aurre eginez, “alternatiba bat artikulatzeko” grebara deitu dute. 

Aralarrek ere bat egin du greba orokorrarekin. Euren ustez, euskal gizarteak agerian utzi behar du bihar, bestelako eredu bat behar dela, “gizarte juxtu eta solidarioagoa eraikitzeko”, egungoak porrot egin baitu. Egungo ereduko kudeatzaileek gizarteko sektore ahulenen kontra egin dutela diote. Horregatik, Aralarren ustez, “ez da eskuak gurutzatuta geratzeko garaia”. Harremanen euskal esparrua eta justizia sozialean oinarrituriko alternatiba aldarrikatzen ditu. 

NOAUA!-ko web orri bidez bestalde, ITAYA Gazte Asanbladak bat egin du baita, ostegun honetarako iragarri den 24 orduko lan uztearekin, baita aldez aurretik iragarri diren mobilizazioekin ere. “Gazteok ere badugulako zeresanik gure etorkizunean! Inposaketarik ez!”, adierazi dute.