Usurbilgo Aralarrek eta Bilduk espainiar gobernuak onarturiko lan erreformaren aurkako mozioa aurkeztu zuten atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. Lau puntuko testuan adierazten denez, "lan-erreforma salatu nahi dugu, enpresa-kudeaketa eskasaren eta ekonomia-eredu okerren ondorioen zama guztia langileen bizkar gainean utzi nahi duelako". Aipatu lan erreforma, ahalik eta azkarren indargabetzea eskatzen diote espainiar gobernuari eta "Lan Harremanen Euskal Esparrua indarrean jartzea eskatzen dugu, lan-merkatua arautu behar duten legeak erabakitzeko aukera euskal herritarroi emango diguna".
Azkenik, herritarrak biharko deitua dagoen greba orokorrean parte hartzera deitzen ditu Bilduk eta Aralarrek aurkezturiko mozioak. Atzoko osoko bilkuran irakurri ostean, eta PSE-EE alderdiko bozeramaile Ricardo Crespo zinegotziak proposatuta, puntuz puntu bozkatu zuten mozioa. Modu horretan, aho batez onartu ziren lehen bi puntuak; lan-erreforma salatu eta espainiar gobernuak harturiko erabakia indargabetzea eskatzen zutenak hain zuzen. Lan Harremanen Euskal Esparrua indarrean jartzeko proposamenaren aurrean, PSE-EE-ko zinegotzia abstenitu zen, gainerako udal ordezkari guztiek alde bozkatu zuten. Azkenik, herritarrak grebara deitzen zituen laugarren puntuaren alde agertu ziren Bildu, Aralar eta PSE-EE. Abstentziora jo zuten aldiz, EAJ-PNV eta Hamaikabatek.
"Langileen eskubideen aurkako eraso bortitza da"
Mozioak salatzen duenez, "langile kopurua igotzeko aitzakiaren azpian, erreformaren benetako asmo bakarra ezkutatzen da; soldatak eta kaleratzeagatiko kalte-ordainak murriztea". Kaleratzerakoan langileen eskubideak muturreraino murriztu nahi dituztela gaineratzen dute. Zehazten dutenez, espainiar gobernuak "doako kaleratze askea berrezarri du kontratuko lehen 12 hilabeteetarako, ia enpresa guztiek, %99,23k zehazkiago, erabili ahal izango dutena". Enpresaburuei pizgarriak eman dizkiete eta "urte bakoitzeko 20 eguneko kalte-ordaineko kaleratzea" orokortu dituzte. Horrez gain, "erreforma honek ezerezean utzi nahi du negoziazio kolektiboaren bitartez orain artean lortutako guztia. Horretarako, langileen ordezkariei eskuak lotu dizkie patronalaren aurrean".
Eta ohartarazten dutenez, "erreforma ez da horretan geratuko. Gazteei ere eraso egingo die beste behin, batetik, gazteentzako prestakuntza-kontratua 33 urtera arte luzatuko duelako, 481 euroko soldatarekin, eta, bestetik, enpresei gizarte-kotizazioak barkatuko dizkielako". Laburbilduz, Usurbilgo Aralar eta Bilduren esanetan, "erreforma hori langileen eskubideen aurkako eraso bortitza da".