Greba orokorra ia erabatekoa atzo, Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 30a, 00:00

Lantegiak, udala, ikastola, saltokiak, tabernak, jatetxeak... Pertsianak itxita zituzten guztiek atzo, espainiar gobernuak onarturiko azken lan erreformari ezetza adierazteko. Sindikatuek deitu zuten greba orokorrarekin bat egin zuten modu horretan. Usurbilen greba ia erabatekoa izan zen. Hala baieztatu zuten, goizean eta arratsaldean Mikel Laboa plazan burutu ziren batzarretan. Nabarmentzekoa da hain zuzen, deituak zeuden mobilizazioek izan duten erantzuna. Aipatu moduan, bai goizeko 10:00etan burutu zen elkarretaratzean, baita arratsaldeko 18:00etan Mikel Laboa plazatik, "Inposaketarik ez! Burujabetza bai" lemapean abiatu zen manifestaldian ere. Eguerdian, Donostian burutu zen manifestaldira ere usurbildar ugari joan ziren.