Hirigintzako beste hiru proposamen ere onartuak, azken osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2012ko mar. 30a, 00:00

Hirigintzari loturiko beste hiru erabaki hartu zituen udalbatzak, astearteko osoko bilkuran. Artikuluetako batean aldaketa bat txertatuta, uren zerbitzurako udal ordenantza aho batez eta hasieraz onartu zuen. Erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen hasi eta biharamunetik zenbatzen hasita, erreklamazio edo iradokizunak aurkezteko 30 eguneko epea egongo da. Denbora tarte horretan, halakorik ez balego, ordenantzaren aldaketa behin betiko onartutzat joko da.


Aginagako erriberako bidea
Aginagako erriberako bidea luzatu eta hobetzeko proiektua behin betiko eta aho batez onartu zuen udalbatzak, duela hiru egun egindako osoko bilkuran. Egitasmoak eragindako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egon den epean, bi erreklamazio aurkeztu ziren. Biak aintzakotzat ez hartzea erabaki zuen udalbatzak eta honenbestez, aipatu zerrenda ere behin betiko onartzea. Erabaki horren ondorioz, egitasmoak eragindako ondasun eta eskubideak “okupatu eta eskuratu beharra” deklaratuko du Udalak, “desjabetu eta aldi berean okupatzeko, eta zortasunak ezarri, aldatu edo amaitzeko” . Horrez gain, “Nahitaezko Desjabetze Legeko 24. artikuluan xedatutakoari jarraituz. eragindako ondasun eta eskubideen titularrekin adostasuna eskuratzen” edo “elkarren arteko Baliospen Akordioa lortzen” saiatuko da Udala. Eragindako ondasun eta eskubideen prezioa eta balorazio irizpideak, ERAIKI S.L. enpresak eginiko balorazioaren araberakoak izango dira. Horren berri titularrei banaka emango zaie.

Alokabide-Udala lankidetza hitzarmena
Gernika 13 ibilbidean kokatu eta Maixu etxe izenez ezaguna den Agerialde ondoko eraikineko udal jabetzako etxebizitzen harira, Alokabide eta Usurbilgo Udalaren arteko lankidetza hitzarmenaren eranskin berria onartu du udalbatzak gehiengo osoz. Udal ordezkari guztiek aldaketa honen alde bozkatu zuten martxoaren 27ko osoko bilkuran, Hamaikabatek izan ezik, aurka agertu baitzen. Erabaki honen bidez, alokairuko etxebizitza hauen 2012rako kudeaketa-ordainsariak eguneratu eta berriki alokairu sozialera bideratu den 1. eskuineko etxebizitzaren gestioa, lankidetza-hitzarmen horretara gehituko du Udalak.