Hilerri berriko Altzifrea kaleko 13 hilobiren gaineko eskubideak herritar desberdinei esleitu dizkie Udalak, asteartean burutu zen osoko ohiko bilkuran udalbatzak aho batez hala erabaki ostean. Mertxe Aizpurua alkateak zehaztu zuenez, esleipena datozen 50 urteetarako izango da. Udal diktamenean gogorarazten denez, “eskatzaile denak lizitazioan parte hartzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia aurkeztu dute, beraz, ez da inor baztertu”. Jendaurrean egondako hamar eguneko epean, inork ez zuen erreklamaziorik aurkeztu.
Hilerriko araudiko aldaketa, bertan behera
Joan den abenduaren 22an burutu zen ezohiko osoko bilkuran bestalde, hilerri berriko erregimen eta funtzionamendurako araudiaren 4. aldaketa hasieraz onartu zuen udalbatzak. Erabaki hura orain bertan behera utzi du udalbatzak, aho batez. Alkateak martxoaren 27ko saioan argitu zuenez, erabaki hura hartu eta jendaurrean egon zen epean, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak idatzi bat aurkeztu zuen. Aldaketa hura legearekin bat ez zetorrela ikusita, esan bezala aipatu aldaketa bertan behera uztea proposatu, bozkatu eta aho batez onartu zen azken osoko bilkuran.