Nabarmentzeko moduko lau kirol hitzordu asteburuari begira. Batetik, ostiral honetan, martxoaren 30ean itxiko da ITAYA Gazte Asanbladak udaberriari begira antolaturiko futbito txapelketan izen emateko epea. Oiardo Kiroldegira gerturatu behar da horretarako. Bertan gutunazal bat utzi behar da. Kirol ekimen honetan parte hartzeko ordea, zenbait baldintza bete behar dira ordea:
-Taldeko 40 euro ordaintzea (asegurua eta materialarentzat).
-Norberaren Nortasun Agiriaren fotokopia.
-1995. urtekoak edo zaharragoak izatea.
-Gauza guztiak biltzean, sobrea Oiardo Kiroldegian uztea, martxoaren 30a baino lehen.
Iaz bezala, parekidetasuna bultzatu nahi dute antolatzaileek aurtengo edizioan, baita herritarren parte hartzea eta giro ona ere. Hartara, mutilez edo neskez osaturiko taldeek jokatu ahalko dute txapelketan, baita talde mistoek ere. ITAYA-tik adierazi dutenez, "orain arteko legeekin jarraituko dugu. Hau da, astero-astero, talde bakoitzetik epaile bana izendatuko da eta hauek ez badira azaltzen puntuak kenduko zaizkio taldeari".
Joakin Agirreren desafioa
Igande eguerdian bestalde, aizkolaritza desafio bat ikusteko aukera egongo da, 12:30etan hasita Andazpe elkarte aurreko plazatxoan. Joakin Agirre "Izuela" kanako enborra menderatzen saiatuko da. Usurbilen bizi den 58 urteko aiarrak, aspalditik du herri kirol honekiko lotura. Etziko hitzorduan, Agirrek arerio bakar bat izango du; bere burua.
Usurbil FT-koen bilera
"Aste Santua kirola eginez" ekimena antolatu du Usurbil FT-k datorren Aste Santuko oporraldirako. Haur txokoak dira antolatu dituztenak. Ekimenean izena eman duten haurren gurasoekin, Usurbil FT-koek bilera burutuko dute larunbat honetan, martxoaren 31n. Goizeko 11:00etarako finkatu dute hitzordua, Udarregi Ikastolako erdiko aretoan.
Kadete nesken eskubaloi partida
Bihar eguerdiko 13:00etik aurrera, kadete nesken eskubaloi taldeak neurketa jokatuko du Oiardo Kiroldegian. Foru Aldundiko trofeoaren baitan, Elgoibarko Sanlo taldekoen aurka lehiatuko dira.