Gaur martxoko azken ostirala denez, euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea burutuko da, iluntzeko 20:00etatik aurrera Mikel Laboa plazan. Asteburuko iragarri den ekitaldi sortaren hasiera baino ez da izango ostiral honetako mobilizazioa, biharko Elkartasun Eguna antolatu baitute ITAYA Gazte Asanbladak, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak eta Nafartarrak taldekoek.
Bertso bazkaria
Denetariko ekitaldiak tartekatuko dira larunbat goizean hasi eta igande goizaldera arte luzatuko den Elkartasun Eguneko egitarauan. Herri kirolak eguna hasteko. Eta ondoren, bertsolarien txanda etorriko da. Unai Gaztelumendi eta Imanol Lizarazu “Habana”rekin triki-bertso poteoa ospatuko da Kaxkoan eta jarraian bertso bazkaria frontoian. Biharko, kantu afaria ere antolatu da Artzabalen.
Kontzertu agua
Afalaurretik, eta hilabeteko azken larunbata izanik, kantu jira ospatuko da Kaxkoan. Saio berezia izango da ordea. Ohiko orduan hasiko da ekitaldia, iluntzeko 19:00etan, baina oraingoan kantuzaleak Mikel Laboa plazatik ez, Askatasuna plazatik abiatuko dira. Eta ez bakarrik, Iparraldeko abeslari eta musikariekin. Elkartasun Egunari kontzertu gauak emango dio amaiera: Bertan Bera, Materia Gris, Trifulka eta Laket taldeek emanaldia eskainiko dute frontoian, 23:00etatik aurrera.
Hona hemen, datorren Elkartasun Eguneko egitarau osoa:
11:00 Herri kirolak frontoian.
12:30 Triki-bertso poteoa: Unai Gaztelumendi eta Imanol Lizarazu "Habana"rekin.
14:00 Bertso bazkaria frontoian, Unai Gaztelumendi eta Imanol Lizarazu "Habana" bertsolariekin.
18:00 Manifestazioa Mikel Laboa plazatik.
19:00 Kantu-jira Askatasuna plazatik. Iparraldeko kantariez eta musikariez lagunduta; iparra eta hegoa elkarrekin kantuan!.
21:00 Kantu afaria Artzabalen.
23:00 Kontzertuak frontoian: Bertan Bera, Materia Gris, Trifulka eta Laket.
Antolatzaileak: ITAYA Gazte Asanblada, Euskal Kantu Taldea eta Nafartarrak Taldea.