K2K taldearen erronka: "Etiopiarako dirua lortzea da gure helburua"

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 2a, 00:00

Zonaldeko beste zenbait lagunekin batera, bi usurbildarrek 100 kilometroko ibilbidea osatuko dute oinez maiatzean Herrialde Katalanetan. Elkartasun ekimena izango da, Etiopiarako laguntza biltzeko. Herritarrek ere laguntza bilketa honetan parte har dezakete. Horretan dabiltza sortu berria den K2K taldekoak, lehiakortasuna helburu ez duten erronkak prestatzen eta burutzen.

NOAUA! Nolakoa da proba?
Iker Corral.
Proba Gironan egingo da. 32 ordu ditugu 100 kilometroak egiteko. Ez dugu uste maiatzaren 5ean bukatuko dugunik, maiatzaren 6an amaituko dugu. Erronka, proba bukatzen saiatzea da, baina gehienbat, Etiopiarako dirua lortzea.

N. Kirol ekimen bati buruz ari gara, baina elkartasunera bideraturikoa?
I. C.
Proba berez, Intermon Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatzen du. Baina ez da lasterketa bat. Parte hartzeko, talde bakoitzak 1.500 euro lortu behar ditu. Guk berez jada lortu ditugu. Gu orduan lasai gaude, proba egingo dugulako, baina ez dugu hor gelditu nahi. Etiopiarrek azpiegitura kaxkarrak dituzte, kilometro asko egin behar dituzte egunero ur bila joan eta bueltatzeko. Erronka hori da, guk kilometro horiek egitea etiopiarrek egin ez ditzaten.

N. Herritarrek ere ekimena lagundu dezakete, baina nola?
I. C.
Txapeldunen eta Artzabalen eltxetxo bana jarria dugu. Ideia da, jendeak gure erronka zein den ezagutzea eta kolaboratzea. Bestalde, geure blog-ean edo probaren web orrian jendeak ekarpenak egin ditzake.


Enkantea martxan
"Jende ezagunaren gauzak ari gara biltzen: Realeko jokalarien kamisetak, Miarritzeko rubgy taldeko kideen kamisetak, Urko eta La Oreja den Van Gogh taldeen diskoak… hori guztia enkantean jarriko dugu Ebay bidez", ohartarazi dute K2K taldetik. Herritarrek hauetako produktu bat erosita, "laguntzeko beste modu bat da" ohartarazi dute.  Ekimen hauen eta taldearen gainerako nondik norakoen berri, K2K taldeak Facebook bidez berri emango du, baita noski, zabalik duten blogaren bidez ere: kon2k.wordpress.com. Maiatzean parte hartuko duten probaren web gunea berriz honakoa da: trailwalker.intermonoxfam.org/es/equipos/ficha/k2k%21-2