Eleak eskubide zibil eta polikoen aldeko mugimenduak egindako deiari jarraiki, apirilaren 16an astelehena asanblada irekia egingo da arratsaldeko 19:00etan, Potxoenean. D3M hautes plataformaren aurkako epaiketa apirilaren 30ean hasi eta maiatzaren 18an amaituko da, tartean, Agurtzane Solaberrieta usurbildarra izango da epaitua. NOAUA!ra igorri diguten prentsa oharrak dioenez, "Agurtzaneren aurka 9 urteko espetxe zigorra eskatu dute".
Hau da, oso-osorik, igorri diguten prentsa oharra: "Apirilaren 30ean hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean, hamahiru lagunen aurkako epaiketa. Tartean da, Agurtzane Solaberrieta usurbildarra. D3M hautets plataforma eta Askatasuna alderdia 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira ETAren aginduz sortzea egozten diete, eta fiskalak 7 eta 9 urteko zigorrak eskatu ditu euren aurka. Zehazki, Agurtzaneren aurka 9 urteko espetxe zigorra eskatu dute.
Epaiketa apirilaren 30ean hasi, eta maiatzaren 18an bukatuko da. Hiru astez luzatuko da.
Auzi hau baina ,duela hiru urte hasi zen. D3M (Demokrazia hiru milioi) 2009ko martxoaren 1eko Gasteizko Parlamenturako hauteskunde autonomikoetan parte hartzeko jaio zen. Alderdien Legearen eskutik eratorritako ilegalizazioak utzi zuen hutsune politiko eta instituzionala bete asmoz eta gizartearen zati baten eskaerari erantzun asmoz sortu zen D3M. Hauteskundeetan parte hartu ahal izateko, 47.000 sinadura baino gehiago lortu zituen.
2009ko urtarrilaren 23an, ordea, Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduz, zortzi euskal herritar atxilotu ituen, tartean Agurtzane. Hiru egun inkomunikatuta izan ostean, espetxean sartu zituzten. Atxilotuak Espainiako espetxe ezberdinetan bi hilabetez espetxeratuta egon ondotik, 6.000 euroko bermea ordainduta atera ziren kalera, baldintzapeko askatasunean.
Orain epaiketarako deitu dituzte, eta Usurbilen epaiketa hori salatzeko ekimena jarri nahi dugu abian, auziperatuei elkartasuna adierazteaz gainera. Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak egindako deiari erantzunez, batzar irekia egingo da apirilaren 16an, 19:00etan, Potxoenean, eta egoerarekin kezkatuta dagoen herritar orori batzarrean parte hartzeko deia luzatzen diegu. Asmoa da batzorde bat sortzea epaiketaren inguruko salaketa egiteko.
Izan ere, guk argi dugu izaera erabat politikoa duen epaiketa baten aurrean gaudela. D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa oinarrizko eskubideen urraketa nabarmena da. Epaiketa hau justifikatu ahal izateko erabiltzen duten tesia, “dena ETA da”, alegia, aitzaki bat besterik ez da. Epaiketa honekin jokoan dagoena, demokrazia formaletan dauden oinarrizko eskubide zibil eta politikoak dira: elkartzeko eskubidea, adierazpen askatasuna eta hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea, alegia.
Halako epaiketak gainera une politiko honetan lekuz kanpo daude erabat. Euskal Herriak bizi duen une historiko honetan, gatazka politikoa eta bere ondorio guztiak konpontze bidean jarri behar dira. Norabide horretan, salbuespen neurri eta legeak behingoz gaindituak izan behar dira.
Etorkizunari ilusioz eta itxaropenez begiratzen diogunok, ezin dugu halako epaiketa eta eskubide urraketa gehiagorik onartu. Horregatik, dei egiten diegu herritarrei euren ahalegintxoa egitera eta burugabekeria hauekin amai dezagun sabel kolektiboa eraikitzera, matrioska sabela hain zuzen ere. Hitzordua badugu: apirilaren 16an".
Epaiketa gastuei aurre egiteko laguntza kanpaina jarri da martxan
Apirilaren 30ean hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean, D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa. 13 euskal herritar auziperatu dituzte, tartean Agurtzane Solaberrieta. Epaiketa gastuei aurre egiteko, laguntza kanpaina bat abiarazi da, herriz herri, mezu honen bidez: "luza diezaiegun bostekoa auziperatuei, eskuz esku justiziaren injustizia ikusarazteaz gain, epaiketa politikoen aurka kalera ateratzeaz gain eman diezaiegun gure babes ekonomikoa ere. Lagun ditzagun apirilean epaituak izango diren D3Mko kideak gure bostekoa luzatuz", deitu dute. Bost euroko bonoak eskuratzeko aukera izango da. Edota kontu korronte honetan ere ekarpenak egin ahalko dira: 3035 0095 94 0951113417.
Agurtzane Solaberrietari elkarrizketa
NOAUA! aldizkariaren azken alean, epaitua izango den herritarrari elkarrizketa egin diogu. PDF euskarrian, web atari honetan bertan, irakur daiteke elkarrizketa oso-osorik, 6-7 orrialdeetan. Hauxe esteka.