Datozen orduotan deklara dezake, Jose Antonio Telleriaren ilobak

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 10a, 00:00

Jose Antonio Telleria ustez hil zuen bere iloba, igandean Usurbilen atxilotu zuten 24 urteko gaztea datozen orduotan eraman dezakete epailearen aurrera. Atxilotu eta 72 orduko tartea egoten baita deklarazioa hartzeko. Ertzaintzak igande goizeko 10:00etan atxilotu zuen gaztea, Kaxkoan. 

Jose Antonio Telleria buruan tiro bat zuela hilda aurkitu zuten larunbat goizean, bere etxean, Lasarte-Oriako Zabaleta auzoko Pepe-Enea baserrian. 47 urteko gizonezkoarekin bizi eta harekin lan egiten zuen 50 urteko beste gizonezkoa ere atxilotu zuen Ertzaintzak larunbat gauean, baina atzo kargurik gabe aske utzi zuten, "gertakariarekin inolako loturarik ez zuelakoan". Bi atxilotuek ez zuten aurrekaririk.

Telleriak bere buruaz beste egin zuela uste izan zuen Ertzaintzak hasiera batean, baina hilketaren hipotesiak indar hartu zuen gero, tiroketako arma agertzen ez zela ikusita. Hedabideek berri eman duenez, ustez hilketan baliatutako eskopeta Oria ibaian aurkitu du Ertzaintzak, adierazi dutenez ilobaren deklarazioaren ostean. Poliziak hilketa ikertzen jarraitzen du. Telleria ezaguna zen inguruotan herri kirolen munduan, bereziki idi dema probetan. Atzo arratsaldean Lasarte-Orian burutu ziren, bere aldeko hileta elizkizunak.