72 aparkaleku berri egokituko ditu Udalak, Udarregi ikastola aurrean

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 10a, 00:00

72 aparkaleku gehiago izango dira Udarregi Ikastola paretik igarotzen den Gernika Ibilbidean, horietatik lauk ezinduentzako baldintzak beteko dituzte eta oinezko pasabideen ondoan kokatuko dira, Usurbilgo Udalaren web orrialdeak berri eman duenez. Usurbil.net-etik gaineratzen dutenez, "esku hartze eremuaren barruan bidegorri sarea txertatzea" da Udalaren asmoa. Beste honako bi helburu nagusiok ere bete nahi dituzte: batetik, "Gernika Ibilbidearen ipar muturreko errotonda eta Galtzaragaina artean ibilgailuentzako bide sarea osatzea" eta "Galtzaragaina eta Gernika Ibilbidearen hegoaldean oinezko lotura berri bat gauzatzea, irisgarritasun baldintzetan". 

Plaza berri bat, Sekaña eremuan
Gernika Ibilbideko aparkalekuez gain, beste hirigintza egitasmo bat bideratu asmo du Udalak. Zehazkiago esanda, Sekaña eremuan, hau da, San Inazio auzoaren eta Kale Nagusiaren artean. "Proiektuaren helburu nagusia, eremu hau Usurbilgo espazio publikoen sarean modu eraginkorrean integratzea da", Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez. Bertan burutuko diren lanen bidez, "plaza publiko berri bat sortuko da, egonleku, jolasleku, topaleku funtzioak uztartzen dituena". Bestalde, "oinezko ibilbide sare batek eremuaren perimetroko puntu desberdinak eta plaza berria josiko ditu, oinezko komunikazioa hobetuz Kale Nagusia, San Inazio eta Alperro Buru artean". Azkenik, "erdigunean kokaturiko plaza eta bide sare berria inguratuz eremu berde zabala aurreikusi da". Forma eliptikoa izango du plazak.