Usurbilen Nahi Ditugu elkarteak eta HERRIRA! Taldeak proiekzioa antolatu dute, ostiral honetarako, apirilaren 13rako. Josu Martinez eta Txaber Larreategiren (ondoko irudian) “Sagarren denbora” dokumentala ikusteko aukera eskainiko dute Sutegiko auditorioan, 19:30etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da. Emanaldiak deportazioa eta deserria izango ditu hizpide nagusi, guztia bi euskal herritarren bizimodutik azaldua. Antolakuntzatik zehaztu dutenez, “Euskal Herriko herritar askok pairatzen dute errepresio politikoa. Horietako modu bat, seguru asko ez ezagunetakoa, deserria edo deportazioa da. Munduan zehar urteetan bere herritik urrun herrialdeetan mantentzen duten Alfonso Etxegarairen eta bere bikotekide Kristiane Etxaluzen bizipenen bidez, Sao Tomen jasaten duen deserriaren gogortasuna ezagutzeko parada ematen digu Sagarren Denbora dokumentalak”.
Proiekzioaren ostean, bi testigantza entzuteko aukera egongo da. Batetik dokumentaleko protagonistetako bat Sutegin izango da, Kristiane Etxaluze (ondoko irudian). Eta harekin batera, aurreko legegintzaldian gobernu taldeko kide eta alkate orde izan zen Juanjo Olaizolak ere bere lekukotzaren berri emango du. Anaia Cabo Verden deportatua baitu.
Akatsak zuzenduz
Oporraldi aurreko azken NOAUA! astekarian, proiekzio honen berri eman genuen. Emanaldia, apirilaren 15ean izango zela iragartzen genuen. Datu hori oker dago ordea. Aipatu moduan, ostiral honetan, hilaren 13an eskainiko da "Sagarren denbora" dokumentala. 19:30etatik aurrera, Sutegiko auditorioan. Barka eragozpenak.