Ogasunarekin kontuak argitzeko unea iritsi da. Atzoz geroztik eta ekainaren 25era arte, abian da Errenta Aitorpenaren kanpaina. Ohi bezala, badira kontuan hartzeko zenbait data. Hasteko, autolikidazio proposamena jaso duten herritarrek, aipatu proposamena onartzeko maiatzaren 4ra arteko epea dute. Aldiz, datorren astelehenera arte, apirilaren 16ra arte itxaron beharko da Errenta Mekanizaturako hitzordua eskatzeko.
Aldundiko aurreikuspenen arabera, guztira 351 milioi euro itzuliko zaizkie herritarrei eta 131 milioi euro biltzea espero dute, iaz baino 4 milioi euro gehiago. Aurreko bi urteetan indargabetuta egon ostean, Ondarearen Gaineko Zerga berreskuratu dute abiatu den kanpainarako, eta hori da hain zuzen, aurtengo berrikuntza nagusia. Bestalde, Foru Aldundiak onarturiko erreforma fiskalak ez du eragingo aurtengo Errenta Aitorpenean, datorren urtekoan baizik.
Gai honi buruzko zehaztasun gehiago, Gipuzkoako Foru Aldundiko web orrialdean sartuta jaso daiteke; gipuzkoa.net atarian hain zuzen. Hor dago bestela baita, Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamenduarekin harremanetan jartzeko honako telefono zenbakia ere: 902 100 040.