"Gaiaren trataera, bertsolarien aldetik" izeneko hitzaldia antolatu du Bota Punttuba Bertso Eskolak, apirilaren 23rako. Hizlari lanetan jarduteko bertsolaritza munduko aurpegi ezagun bat gonbidatu dute ekitaldira; Maialen Lujanbio. Hernaniarra, aipatu moduan hilaren 23an Artzabalen izango da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Hitzaldirako sarrera irekia eta doakoa izango dela gogorarazten dute Bota Punttubatik. Bertso Eskolatik hitzorduaren edukia aurreratu dute; "Gai emaileak gai bat proposatutakoan bertsolariari barne zurrunbilo bat pizten zaio: ideiak bilatu, printza askoren artean aukeratu, ezerezetik abiatuz gero tiraka ekarri beharra edo usain bat, aire bat, irudi bat, hitz bat edo kolore bat buruan izan eta hortik abiatzea. Faktore askok eragiten dute bertsoaren nolakoan, baina nola eragiten du gaiak? Eta gaia emateko moduak? Bertsolari batek gai bat nola tratatzen duen aztertuko da bertan, eta bapatean ari denak ea egiten duena aukeratu ote dezakeen".