"Ausartu zaitez!" liburua argitaratu berri du Juanjo Lertxundik

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 12a, 00:00

Norbere ametsak egi bihurtu eta nork bere norabidea hautatzen laguntzeko gida liburua kaleratu berri du Juanjo Lertxundi usurbildarrak. "Ausartu zaitez!" izenburua du, irakurterraza den bere estreinako lanak. Terapeuta transpertsonala da Lertxundi eta besteak beste, yoga irakaslea Santuenean. Merkatuan dago jada, bere liburua. "Liburua lasai irakurtzeko eta hausnartzeko da", adierazi dio Lertxundik NOAUA!ri. Bere laneko orrialdeetan barrena bidaia moduko bat proposatzen dio irakurleari, "gelditu, hausnartu eta konturatzeko nola funtzionatzen dugun. Nola izan garen programatuak eta geure helburuak lortzea zerk mugatzen digun ikusi eta aldatzeko aukera dagoela jabetzea", horixe helarazi nahi du, esperantzaren ikuspuntutik. Liburua eskutan duela, erronka bete duela dio Lertxundik. Orain bere lana eskuratzera gonbidatzen ditu irakurleak. "Gonbidatzen dut jende guztia, ausartzeko erostera. Irakurri eta hortik zerbait baliagarria hartzen badute, ondo. Neure helbidea ere liburuan dago, iritzia eman, edo liburua baloratu nahi duenarentzat", adierazi dio aldizkari honi. Juanjo Lertxundiri eginiko elkarrizketa hurrengo aldizkarian.