Autobusa bihar, Gernikako Akordioak Bilbon deituriko manifestaziora joateko

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 13a, 00:00

Gernikako Akordioak larunbat honetarako, apirilaren 14rako Parot Dotrinaren aurka Bilbon deituriko nazio manifestaldira joateko autobusa antolatu du Gernika-Usurbil taldeak. Arratsaldeko 16:00etan irtengo da Bordatxo pareko errotondatik. Ohi bezala, autobuserako izena aldez aurretik eman beharra dago lekuotan; Txiribogan, Bordatxon edo Artzabalen. 

Manifestaldia, larunbat arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Bizkaiko hiriburuko La Casillatik, "Salbuespenezko neurriak indargabetu! Konponbide garaia da" lemapean. "Parot Dotrina delakoa abalatzen duen Auzitegi Konstituzionalak harturiko erabakia gatazkaren konponbidearen aurkako erabakia baino ez da", adierazi zuten ondoko irudian ageri den moduan, Gernikako Akordioko sinatzaileek manifestaldia deitu zuten prentsaurrekoan. Testuinguru horri lotuta, deitu dute etziko manifestaldia.

Usurbilgo Ezker Abertzaleak bat egin du deitua dagoen mobilizazioarekin. Usurbileginez.com web orrialde bidez adierazi dutenez, "usurbildarrak Bilboko manifestaziora joateko animatzen zaituztegu. Gernikako Akordioak adierazi duen moduan, guztiok konponbide prozesuaren parte aktibo izan behar dugu eta era berean, gure mobilizazioa prozesuaren garapenaren berme izan behar du, Estatu espainiarrak eta PPren gobernuak jarriko dizkiguten oztopo handien gainetik. Beraz, guztiok kalera atera behar gara eta erabaki honen aurrean gure desadostasuna adierazi. Goazen denok Bilbora!".

Irudia: Gernikakoakordioa.net