Lurraldebus zerbitzua eraberritua eta indartua, gaurtik aurrera

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 16a, 00:00

Lurraldebusek ordutegi eraberritua estreinatu du astelehen honetan, Debabarrenako eta Urola-Kostako zerbitzuetan. Usurbil alderik alde zeharkatzen duen zerbitzuari dagokionean, zenbait aldaketa izango dira aurrerantzean. Joan den astean iragarri bezala, aurrerantzean Usurbildik Donostiara edota Gipuzkoako hiriburutik udalerri honetara datozen autobus guztiak Urbil merkatal gunetik sartuko dira. Orain arte, batzuk baino ez zuten egiten aipatu ibilbidea, gainerakoak Txikierditik, N-634 errepidetik barrena egiten zuten joan etorria.

Hori geltokiei dagokienez. Ordutegiei begira, Lurraldebusek autobus zerbitzua indartuko du. Aldaketa nabarmenena, larunbatetik iganderako gauetan emango da. Orain arte, Zumaia aldera edota Gipuzkoako hiriburu aldera joateko bi ordutik behin baino ez zegoen bus zerbitzua. Larunbat honetatik aurrera ordea, orduro igaroko da busa Usurbildik. Donostia aldera joateko orduotan: 23:35, 0:35, 1:35, 2:35, 4:35, 5:35. Zumaia aldera joateko, orduotan igaroko da: 0:00, 1:00, 2:00, 4:00, 5:00, 6:00. Autobus guztiok Urbiletik sartuko dira. Bus ordutegiari loturiko gainerako aldaketak ikusteko, ondoko irudian klikatu. Bestela, sartu euskotren.es edo lurraldebus.net web orrialdeetan. Informazio gehiago eskuratzeko, bada beste bide bat ere, telefono zenbaki hau: 902 543 210.