Segurtasun neurriak eskatzen ditu Txikierdin, Usurbilgo PSE-EE-k

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 16a, 00:00

Txikierdin N-634 errepide parerako segurtasun neurriak hartzea galdegin du Usurbilgo PSE-EE-k, prentsa ohar bidez. Gune horrekiko ardura adierazi du aipatu alderdiak, segurtasun neurri eta argiztapen falta dela eta. Alderdi sozialistaren esanetan, Urbilera doazen hainbat herritarren kexak jaso dituzte eta istripuak ere gertatu izan dira bertan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Azpiegitura alorretako diputatu Larraitz Ugarteri Txikierdin hobekuntza lanak burutzeko eskaera egin diotela berri eman du Usurbilgo Udaleko zinegotzi Ricardo Crespok. "Segurtasun neurri guztiak praktikan jartzeko unea da", adierazi dute sozialistek. Gipuzkoako Batzar Nagusietan hain zuzen, PSE-EE alderdiak duen taldeak, Ugarteri galdetu diote, prentsa ohar bidez zehaztu dutenez, ia Gipuzkoako Foru Aldundiak garraiobide zerbitzuetarako geltokiak eraberritzeko asmorik duten Txikierdin. Aipatu moduan ordea, Lurraldebus zerbitzuko autobusak gaurtik aurrera Urbil merkatal gunetik igaroko dira.

Istripua goizean
Labainkor zegoen gaur N-634 errepidea Txikierdi parean gertatu den istripu baten ondorioz. Gasoleoa isuri baitzaio errepidera, aipatu istripuan inplikatua zegoen autoetako bati. Ertzaintzak abiadura murrizteko seinaleak jarri ditu. Errepidea garbitzen aritu dira.