"Buah txabal!", igandeko bakarrizketa saioa ikusteko sarrerak salgai

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 16a, 00:00

Lokaletako gazteak hizpide nagusi dituen "Buah txabal!" izeneko bakarrizketa saioa antolatu du NOAUA! Kultur Elkarteak, igande honetarako, apirilaren 22rako. Emanaldirako sarrerak salgai daude jada, 5 eurotan Txiribogan eta NOAUA!-n. NOAUA!ko bazkideek eta 14-16 urte arteko gazteek 3 eurotan erosi ahal izango dituzte, aldez aurretik eta NOAUA!-ko egoitzan bertan. Emanaldi egunean ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, 5 eurotan Sutegin. Unai Iturriagak sortu duen saioko protagonista, Jon Zubiaga antzezlea da. Garikoitz Kortabitarte “Beti” da bera, 20 urte bueltako gazte bat. Ezizena beti lokalean sartuta egotetik datorkio. Bart, salbuespen moduan, herrira atera da parrandara eta tragedia bat gertatu zaio: mugikorra galdu du. Zergatik da, ordea, mugikorra galtzea halako tragedia? Garikoitzek horren zergatia kontatzen digun bitartean, gazte horrek euskararekin duen harreman gatazkatsua, bere izaera xelebrea eta lokaletako gazteen gaineko topikoen parodia estremo baten lekuko egingo gaitu. Bakarrizketa saioa, hilaren 22an, 19:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan.