Andatza Mendizale Elkartetik eginiko deialdiarekin bat eginez, Azpeitia-Usurbil ibilbidea osatu zuten atzo 21 mendizaleek. Nabarmentzekoa da igande honetarako antolatua zuten irteerak zer nolako harrera izan duen, giro hotz eta euritsua baikenuen atzo. Hauxe da, antolakuntzak andatzamendizale.info web orrialdean atzoko irteeraren inguruan zintzilikatu duen kronika:
"Goizeko 7etan kiroldegi aurrean geratuak ginen. Eguraldia ikusita batek baino gehiagok pentsatu du inor ez zela aurkeztuko bertan, baina gustoko sorpresa izan da behin autobusean sartuta, 21 ginela ikustea. Azpeitiara iritsi eta talde argazkia atera ondoren, ia bide guztian “lagun” izan dugun euriarekin abiatu gara. Autobusean joan garenak igotzen ari ginela gauean Usurbildik oinez haraino joan diren ausartekin topatu gara, eta taldearekin elkartu dira. Arauntzako gurutzera igo ondoren, Sañuko gaina ia neke handirik gabe igaro dugu. Gainez gain, Azpeitiako muga utzi eta Errezilgo lurretan sartu gara. Zelai eder batzuk pasa ondoren, Etumetako ingurunea pasa eta zerbait goraka eginez, Erdozita ezkerrean, Indo mendia eskuinean, honen maldetatik zeharkatuz iritsi gera Iturriotzera. Errezil, Aia eta Asteasuk muga egiten duten leku honetan, atseden aldi polita, hamaiketako ederra, ona eta ugaria aurkitu ahal izan dugu ibiltari guztientzat prestatua.
Hemendik aurrera taldean zatiketak izan dira, izan ere batzuk oinez jarraitu dute Usurbileraino, Iturriotzetik Andatzarratera jaitsi, eta Irumuno eta Bulanomendietatik aurrera jarraituz, Zaskarate baserria pasa ondoren, Asteasuko lurraldeak utzi eta Zizurkilkoan sartuz, ospetsua den Zarate benta ondotik, Eskaltzuko magaletik Ziortzako langa pasa eta ia azkeneko zati hau Usurbilko lurrak zapalduz.
Beste batzuk aldiz, Iturriotzerainoko bidea nahikoa zela, konpromezuak medio, edota egoera txarren ondorioz, kotxe ezberdinetan bueltatu dira herrira. Gaurkoan eguraldia ez da batere lagun ona izan. Paisaia ederrez ezin izan da gozatu behelainoaren ondorioz, euriak lasaitasunez ez du utzi ibiltzen, eta buru makur ibili izan gara denbora luzez hankak non jarri asmatu nahian, baina bat baino gehiagori eguraldi hobearekin ibilbidea egiteko gogoa piztu zaio".
Atzoko irteerak argazkiak andatzamendizale.info web orrialdean daude ikusgai.
Irudia: Andatza.