Harrera familiei buruzko hitzaldia, gaur arratsaldean

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 16a, 00:00

"Harrera familia: aukera bat hazi hezi bizi" izeneko hitzaldia antolatu du Usurbilgo Udalak, gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera Artzabalen. Alor honetan diharduen Beroa Elkarteko Maite Pagola gizarte langileak eta harrera familia batek, gai honi loturiko bere testigantzen berri emango dute. Udaletik aurreratu dutenez, "Beroa Gipuzkoako harrera familien elkartea da. Haur batzuen ametsa bizimodu normala izatea da. Familia bat izatea. Zaindu, babestu, hezi eta entzungo dien norbait ondoan izatea. Nahiz eta betiko ez izan. Berdin dio bost aste, bost hilabete edo bost urte izan. Badakite orain ematen diezun guztia betiko izango dutela. Familia harrera legezko neurri bat da, eta harrera horren bidez adingabearen zaintza pertsona edo familia bati ematen zaio, aldi batean zaindu, elikatu eta hezi dezan, horrela haurraren familiaren osagarri bihurtuz, hark zaindu ezin duenean. Adingabearen eta zaindu ezin duen familiaren aldeko egintza bat da; baina familia harrerak ez du berezko familia ordezkatu nahi, eta errespetatu egin behar du familia naturala. Betidanik eta berez hartu izan dira haurrak familietan. Nork ez du ikusi, horregatik edo hargatik, gurasoek zaindu ezin zituztelako, aiton-amonek, osaba-izebek edo auzokoek haien seme-alabak beren etxeetan aldi baterako hartzen eta horrela haur horien gurasoen zereginak betetzen. Badaude familiak, ordea, ez beren familietan ez eta familiatik kanpo ere ez dutenak lagunduko dien pertsonarik eta beren seme-alabak aldi baterako jasotzeko prest daudenen elkartasuna behar izaten dute". 

Aipatu moduan, gai honi buruzko zehaztasun gehiago, apirilaren 16an.