12 urtez bidaiatzen daraman holandar familia, Usurbilen izan da

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 17a, 00:00

Joan den martxoaren 26an Osinalde industrialdera gerturatu zenak, ezohiko bisitari batzuekin topo egiteko aukera izango zuen. Euren etxetxo, garraiobide zituzten animalia eta guzti, hamarkada batetik gora herrialde desberdinetatik barrena bidaiatzen dabilen familia holandar batekin hain zuzen.

Euren web orrialdeak dioen moduan, ordura arte euren bizimodua alde batera utzi eta 2000. urteaz geroztik bidean dira Europan barrena, behar duten guztia zaldiek garraiaturiko bi etxetxoetan daramatela. Familia bereko lau kide, ama, aita eta bi alabak hamabi urte daramatzate, sorterri duten Holanda atzean utzi eta herrialde desberdinetatik barrena bidaiatzen. Euren bidaian inguruotatik igarotzen ari zirela, geldialditxoa egin zuten Usurbilen, joan den martxoaren 26an. Egun hartakoa da atera genien argazkia. Handik gutxira, pozarren, duela urte dezente igaro ziren lekuetako batera itzultzekoak ziren. Frantziar estatura heldu asmo dute, bertan geratu eta urteotako bizipenekin liburu bat idaztekotan dira. Euren ibileren berri, irudien bidez web orrialde honetan jaso daiteke: www.roulotte-papillotte.com