Santixabeletako bertsio gaua prestatzeko bilera gaur, 19:00etan Haranen

Noaua Aldizkaria 2012ko api. 17a, 00:00

Iazko herriko jaiak agurtzeko Askatasuna plazan ospatu zen bertsio gaua antolatu asmo dute berriz aurten. Hitzordua prestatzeko lehen bilera ere dute gaurko, apirilaren 17rako, arratsaldeko 19:00etan Harane futbol zelai ondoko musika taldeen entsegu saioetako lokaletan. Musikari eta musika zaleei bertaratzeko gonbita luzatzen diete antolakuntzatik, web orrialde honetara helarazi duten mezu honen bidez:

"Iepa MusikaLagun!! Santixabeletan uztailaren 1ean egingo den bertsio gauerako lehen bilera apirilaren 17an egingo dugu Haraneko entsegu lokaletan. Bertsio gaua benetan partehartzailea izatea gustatuko litzaiguke, beraz, musikari zein musikazaleei gonbita luzatzen diegu bertaratu daitezela abestiren bat jo edo oihukatu nahi badute. Bertsio gauaren helburua ez da kontzertu formal bat egitea baina gauzak ondo lotuta egotea eskatzen duenez aldez aurreko lana beharrezkoa da, guztion artean erabakiko dugu nolako gaua prestatu. Entsegu lokaletako egoera nahiz eta ez den egokiena eskuzabalik egingo diogu harrera hurbiltzen den orori, lokalak denonak izaki. Orduan badakizu, lehengo urtean gogoz gelditu bazinen eta musika txute baten beharra baldin baduzu, hurreratu zaitez Haranera!!!!!! GORA JAI HERRIKOI eta PARTEHARTZAILEAK!!!".